Jatorri ezberdinak baina helburu bera, euskara
Cristian, Marielen, Elena, Marina, Lorence eta Blancak osatutako seikotea astelehenean hasi zen Maizpideko udako ikastaroan.
Lazkaoko Maizpide Euskaltegia 1975. urtean hasi zen udako euskara ikastaroak eskaintzen. Ordudanik milaka euskara zaleren bilgune izan da. Euskara zale horien artean daude Cristian, Marielen, Elena, Marina, Lorence eta Blanca. Seikote honetako kide bakoitzak jatorri ezberdina du, baina seiek helburu bera.
Cristian Kolonbiarra da jaiotzez, 22 urte daramatza Euskal Herrian bizitzen ordea eta ofizioz elektronikaria da. Marielen ere Hego Ameriketatik dator, zehazki San Pablotik. Orain bost urte Arrasaten bizi dela eta nahiz eta izatez irakaslea izan, ogibidez aldatu beharra izan zuen hona iritsi zenean. Euskararik ez zekienez ez zuen aukerarik eskolak emateko eta erizaintzako laguntzailea gisa egiten du lan orain. Elena berriz, Madrildarra da eta itsasoarekiko grinak Gipuzkoako hiriburura bizitzera bultzatu zuen. Jarraian, Bartzelonatik dator Marina. Erasmus bidaian euskal mutil bat ezagutu zuen eta berarekin zein bere familia eta lagunekin euskaraz komunikatu ahal izateko bere kabuz liburu bat erosi eta hizkuntza ikasten hasi zen. Bada Austriarrik ere taldean, Lorence. Ofizioz antzezlea eta unibertsitateko irakaslea da; baita hizkuntzetan zaletua ere. Azkenik, seigarren kidea, Blanca. Jaiotzez Donostiarra da baina haurra zela Euskal Herritik kanpo joan zen bizitzera. Orain sei urte itzuli zen hona eta euskara hutsetik ikasten hasi zen.
Urtean zehar lan egiten dutenez, ezinezkoa zaie euskara ikastea. Hori horrela, 12 egunez Lazkaora etorri eta euskara ikasteaz gain 24 orduz euskaraz bizitzeko autua egin dute. Joan den astelehenean hasi ziren lehen klaseak jasotzen. Maizpiden bertan egiten dute lo eta goizean gosaldu bezain pronto elizako kanpaiak bederatziak jotzen dituenean lehen eskolarekin hasten dira. Egunero 6 teoria ordu egin ondoren, ordubetez etxeko lanak egiteko aukera dute eta eguna amaitzeko beste ordu betez tailerrak izaten dituzte. Lehen egunean Lazkao ezagutu zuten, Olaberrian ere izan dira eta asteburu honetan Ataungo Barandiaran Museora egingo dute txangoa oinez.
Osasun krisialdiak eragindako eguneroko honetan derrigortuta daude segurtasun burbuilak mantentzera eta horrek gainontzeko ikasleekin harremana izatea zailtzen die. Halere gustura daude elkarrekin, “Gran Hermano” baten gisakoa dela diote txantxa artean. Giro paregabea dutela ukaezina da.
Askotan esan ohi izan da euskara hizkuntza zaila dela ez dakien batentzat. Zaila baino desberdina da seikotearen irudikoz. Gramatikari heltzerakoan logikarekin jokatu behar omen da eta hiztegia barneratzeko modurik aproposena errepikamena. Horrela, bizipen hau euskara ikasi nahi duen orori gomendatuko lioketen galdetuta, baietz erantzun dute aho betez. 12 egunetan zehar, 24 orduz euskaraz hitz egin eta entzutea omen da ikasteko modurik eraginkorrena.













