"Gure filosofiak bi oinarri nagusi ditu: KM0 eta ingurumenarekiko jasangarritasuna"
Hotel bezala lan egiteaz gain jatetxea ere badute Ordizia Hotelean. Txindoki Terraza ekitaldi bereziak egiteko leku aparta ere bai.
Martxoaren 31an ireki zituen ateak Ordizia Hotelak. Eñaut Gereñu hoteleko bazkidearen hitzetan, “kasualitatez heldu zitzaigun aukera hau eta ondo pentsatu ondoren Goierriri eta Ordiziari zerbait polita egiteko aukera iruditu zitzaigun”.
Hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte, batetik hotel bezala bisitariei gaua pasatzeko lekua ematen die. Urtean zehar gehien bat enpresetako langileak edota familia bisitatzera datozen kideak jasotzen dituzte eta udan bertako zein kanpo bisitariak. Bestetik, Juanan Jiménezek zuzendutako jatetxea ere badute. Astelehenetik ostiralera eguneko menuak eskaintzen dituzte. Asteburuetan, dastatze menuez gain Txindoki Terrazan era ezberdinetara sukaldatutako arrozak ematen dituzte. Pixkanaka Txindoki Terraza ekintzetarako irekitzen hasi dira, izan ere “geroz eta jende gehiagok egin nahi izan ditu ezkontza, jaunartzea edota ekitaldiak bertan”.
Eperientzia jasangarria bizitzeko aukera dago hotelean. “Gure filosofiak bi oinarri nagusi ditu: KM0 eta ingurumenarekiko jasangarritasuna”. Hotelean dituzten altzariak, garbiketarako produktuak eta sukaldatzeko erabiltzen dituzten elikagaiak bertan erosi edota ekoiztutakoak dira. Esate baterako, logeletako altzariak bertan ekoiztu eta Ordiziako denda batean erositakoak dira; errezelak, telebistak edo elikagaiak bezalaxe. Garbiketarako erabiltzen dituzten materialak ekologikoak dira. Ordizian bertan erosten dituzte soltean, horrela behin erabiltzeko ontziak saiestu eta ingurumenarekiko jasangarritasuna bermatzen dute.
Nahiz eta COVID-19ak lehen hilabeteak zaildu, uztailean eta abuztuan burubelarri ari dira lanean. Kataluniar eta Madrildar askoren bisitak jasotzen ari dira. Gehiengoak bi hiru egunetako egonaldiak egiten badituzte ere, bisitarien zati handi batek astebeteko oporraldiak egiten dituzten Ordizian. Hauek Euskal Herria bere osotasunean zein Gipuzkoa ezagutzera etortzen dira eta Ordizia Hotela hartzen dute oinarri bezala.














