Gastronomia eta aisialdirako ekintzak uztartzen dituen txiringitoa
Oianguko txiringitoan mokadu gozoak jateko aukeraz gain, ekintza ezberdinetan parte hartzeko aukera eskaintzen dute Vanessa Blázquez eta Anne Otegik.
Lehen uda da Vanessa Blázquez eta Anne Otegirentzat Oianguko txiringitoaren gidaritzan. Baina bietako batek aski ezaguna eta kuttuna du Goierriko txoko hau. Duela 30 urte Anneren aitona-amonak izan ziren txiringitoaren arduradunak eta umea zela bere oporraldiak bertan pasatzen zituen. Orain hiru urte Osoa sukaldaritza eta ikaskuntza sortu zuten Annek eta Vanessak. Ordudandik argi zuten egunen batean Oiangura itzuliko zirela, baita lortu ere orain urtebete.
Bikotearen proposamenak bi alderdi nagusi uztartzen ditu; txiringitoa eta aisialdiko ekintzak. Goierri eta Gipuzkoa mailako hainbat ekintzaileren laguntza jasotzen dute ekintzak aurrera eraman ahal izateko. Ekintza horien artean honakoak bereizten dira. Batetik gazteentzako udalekuak. Nahiz eta aurten ezin izan diren aurrera eraman datorren udan goizetan gazteentzako udalekuak eskaintzeko asmoa dute. Lau asteko iraupena izango dute eta goizez sukaldaritza eskolak, txangoak, auzolana, yoga eta meditazioa, argazkilaritza eta ondarea eta kultura ezagutzeko aukera ematen duten ekintzak burutuko dituzte gazteekin.
Bestetik, aisialdiko ekintzak antolatzen dituzte ia astero. Yoga eskolak taldeka zein erretiro egunak eta argazkilaritza kreatiboa lantzeko eskolak Nagore Legorretaren eskutik hilabetean behin, Delikatuz eta Oihana Unanue biologoak sagarraren eta sagastien inguruan antolatutako ibilbideak, Aranzadi Zientzia Elkarteak burutzen dituen helduentzako ilustrazio tailerrak eta Itziar de la Granjarekin zumitza tailerrak besteak beste.
Eguzki kulturala kontzertu zikloa da txiringitoko beste izar handietako bat. Ordizia Rock taldearekin batera Ekirock ekimena jarri zuten martxan. Bertan Goierri eta Gipuzkoako hainbat artistek kontzertuak eskaintzen dituzte Oiangun. Badute berezitasun bat, ordea, kontzertu hauek. Eguzkiaren energiak ornituta jartzen dira kontzertuetako bozgorailuak martxan.
Eta azkenik txiringitoa. Anne aritzen da sukaldari bertan. Izan ere 10 urtez izan da Aramako Ostatuaren arduradun. Bere sukaldaritza oreka eta jasangarritasunean oinarritzen da. Hori horrela eskaintzen dituzten jakiak freskoak eta kalitatezkoak izaten dira, Ordiziako azoka hornitzaile nagusi dutelarik. Eskaintzen duten menuan hasierako platerak, anoak, ogitartekoak, plater konbinatuak eta azkenburukoak ematen dituzte.












