Mendiaren maitale orori irekitako edizio berezia aurten
Iaz bezalaxe, aurten ere ezin izan da Zegama Aizkorri mendi maratoia ospatu. Horren ordezko, edizio berezia antolatu dute. Dagoeneko 456 izen emate daude eta irailean lasterkari ezagun bat ere espero dute.
Sara Alonso eta Oihana Kortazar Zegama Aizkorri mendi maratoian. // Igor Quijano Iaz bertan behera utzi behar izan zuten antolatzaileek Zegama Aizkorri mendi maratoia. Haren ordezko formatu birtuala jarri zuten martxan, 12.000 parte-hartzaile baina gehiago izan zituena. Aurten ere bertan behera uztea erabaki zuten, izan ere, osasun-agintariek jarritako baldintzetako bat lasterketa ikuslerik gabe egitea zen. Antolakuntza lanetan ibiltzen den Maialen Arizkorretaren hitzetan “Zegama Aizkorriren pilare nagusietako bat ikusleak dira eta baldintza hori betetzeak lasterketari xarma handia kentzea zekarren”.
Hori horrela, edizio berezia antolatu dute aurten. Uztailearen 1ean hasi eta irailaren 30era arte egunero 50 dortsal jarriko dituzte salgai. Open Trail Races enpresa kataluniarrarekin elkarlanean ibilbidean zehar gailu batzuk jarri dituzte eta aplikazioa erabiliz korrikalarien denbora guztiak biltzen dira. Maialenek dioen moduan, Zegama Aizkorri maratoiean jende gutxik izaten du parte hartzeko aukera, dortsalak zozkatu egiten baitira. Edizio berri honetan, berriz, antolatzaileek mendia maite duen orori parte hartzeko aukera eman nahi izandu diote. Egunero 50 dortsal saltzeak ohiko edizioetan ateratzen diren lasterkari kopurua boskoiztea ahalbidetzen du.
Dagoeneko 456 korrikalarik eman duten izena. Zenbakien arabera parte-hartzaileen %90a estatu mailakoak dira eta horien artean nagusi gipuzkoarrak. Portugal, Ingalaterra, Frantzia eta Andorratik ere gerturatu dira korrikalariak Zegamara. Ibilbidea lau etapa ezberdinetan dago banatuta eta korrikalariek euren egoera fisikoaren zein nahien arabera antolatu dezakete lasterketa. Honek parte-hartzaileen perfila zabaltzea ekarri du. Badira dagoeneko parte hartu dutenen artean mundu honetan aski ezagunak diren izenak ere. Salomon taldeko Oihana Kortazar eta Sara Alonso eta aurreko edizioetan speaker lanetan ibili den Jose Antonio de Pablo, Depa bezala ezaguna, besteak beste.
Parte-hartzeko gonbita
Zegama Aizkorri mendi lasterketako antolatzaileek mendiaren maitale direnei parte hartzeko gonbita luzatzen die. Denbora mugarik ez dagoela gogorarazi nahi izan dute. “Orain arteko errekorra zegamar batek jarri du, 5 ordu eta 6 minutu. Baina guri berdin digu 13 ordutan egiten badute ere. Guk gozatzera gonbidatzen ditugu”. Gainera, izena aurreratu ez badute ere, irailean lasterkari ezagun bat espero dutela adierazi du Maialen Arizkorretak.













