Ataunen organo ikastaroa emango dute, San Martingo tresna baliotsua indartzeko
Pianoa ikasten ari direnentzat edo jotzen badakitenentzat da. Urritik ekainera izango da, hilean bi klase pertsonalekin.
Ataungo San Martin elizan dagoen organoa jotzen ikasteko ikastaroa antolatu dute Parrokiak eta Atauniker kultur elkarteak. Organo barrokoaren “balioaz ohartzeko eta etorkizunean ere iraun dezan” antolatu dute ekimena.
Urritik ekainera iraungo du organo ikastaroak, eta pianoa ikasten ari direnek edo ikasita daukatenek parte hartu ahalko dute soilik. Hilean, 45na minutuko bi klase pertsonal jasoko dituzte. Gehienez lau lagun hartuko dituzte, eta izena emateko epea igandean (irailak 5) amaituko da.
Prezioari dagokionez, klase bakoitzeko 10 euro, edo ikasturte osoarena 180 euro ordaindu beharko da. Interesatuek Iñaki Sanchezekin jarri behar dute harremanetan: inakisv98@gmail.com / 647 28 37 52.