Itsasoko XX. BTT bizikleta trabesian 86 lagunek hartu dute parte asteburuan
Bizikletaz egin ohi den arren, aurtengo edizioan ibilbidea oinez egiteko aukera eskaini dute: 57 izan dira bizikletaz eta 29 oinez. Bi bazkari eta lau saski zozkatu dituzte parte hartzaileen artean
Itsasoko XX. BTT bizikleta Martxa egin dute asteburuan herrian. Abuztuaren 28an eta 29an izan da, eta parte hartzaileek nahieran eta noiznahi egin ahal izan dute ibilbidea. Aurten berrikuntza bat izan du trabesiak: bizikletaz gain, proba oinez edo korrika ere egiteko aukera izan dute herritarrek. Guztira, 86 lagunek hartu dute parte: 57 bizikleta gainean eta 29 oinez.
Antolatzaileek adierazi dutenez, «arrakastatsua» izan da aurtengo edizioa. «Jende pilaketak ekiditeko» eman dute aurten ibilbidea noiznahi egiteko aukera, eta egoera berezia dela eta, oinez egiteko erronka ere luzatu dute. 18 kilometro egin ditu parte hartzaile bakoitzak, 730 metroko desnibel positiboarekin. Ohi bezala, ibilbidea zintaz markatu dute eta ez da denbora kontuan hartu. Antolakuntzaren arabera, «gehiena pista bada ere, nahiko teknikoa» da, «gorabeheratsua eta jaitsiera politekin».
Trabesia Wikiloc-en bidez jarraitzeko aukera izan dute partaideek. Itsasoko plazan jarritako kutxan izena eman eta herrigunetik abiatuta Ermita, Arrobia, Kizkitza, Torreburu, Sarriegi, Epelde eta Alegi auzoa zeharkatu dituzte, berriz ere ibilbidea herrigunean bukatzeko.
Saskiak eta bazkaria
Partaide guztien artean, Itsasoko produktuen elkarteak osaturiko produktuen lau saski eta Ostatuak emandako 2 lagunentzako bazkaria zozkatu dituzte. Produktuen lehenengo saskia Juan Mari Barrenetxea arrasatearrarentzat izan da, bigarrena Pablo Madariaga Gabilondo zumarragarrarentzat, Juan Mari Apaolaza Estensoro zegamarrak lortu du hirugarrena, eta Marisa Galdeano ordiziarrak laugarrena. Ostatuak eskainitako bazkaria, aldiz, Kepa Ormazabal gabiriarrak irabazi du.
San Bartolome jaiak ospatu ohi dituzte Itsason abuztuaren 24an, eta BTT bizikleta martxa jai horietako ekitaldi nagusienetako bat izaten da. Aurten festa girorik izan ez bada ere, trabesia egin ahal izan dute. Antolakuntzak parte hartzaileak deitu ditu ibilbidean argazkiak atera eta partekatzera, eta Itsaso herria Instagram kontuan zabaldu dituzte ondoren.