Jose Mari Lasa plazako obra irailaren erdialdean amaituko dute
Urretxuko Udalak irailaren erdialderako bukatu nahi ditu plaza zaharberritzeko lanak. Zuhaitzak 2022an landatuko dituzte.
Jose Mari Lasa plazako obra bide onetik doa. Urretxuko Udalak zaharberritze lanak irailaren erdialdean amaitzea espero du. Zuhaitz handienak 2022 hasieran landatuko ditu, horretarako garai egokiagoa baita.
Obra hori egiteko orduan 2011n egindako parte hartze prozesuko ondorioak kontuan hartu dira. Egitasmo hura egungo beharretara eta egoerara egokitu da (lizeoko igogailu berria, adibidez). Horretarako, 2020an beste parte hartze prozesu bat egin zen.
Egitasmoaren helburua irisgarritasuna hobetzea da. Plazak eta bere inguruak oztopo arkitektoniko ugari zituzten eta obra amaitzen denean Urretxuko inguru hori guztientzat irisgarria izango da. Oinezkoek lehentasuna izango dute eta bizilagunekin lasai egoteko txoko asko egongo dira. Gainera, haur parkea handiagoa izango da eta errepidetik urrutiago egongo da. Horretaz guztiaz gain, Gainzuri ikastetxera eta kiroldegira joateko espaloia zabalagoa izango da. Errepidearen beste aldeko espaloia ere oinezkoentzako erosoagoa izango da.