Joseba Apaolazak 'Konpromisoa' antzeztuko du etzi Zumarragan
Antzerki saioa Zelai Arizti aretoan izango da, 19:00etan. Urretxuko aktorearekin batera, Ramon Agirre eta Zuhaitz Gurrutxaga arituko dira oholtza gainean
Joseba Apaolaza aktore urretxuarrak Konpromisoa lana antzeztuko du etzi, 19:00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Apaolazarekin batera, Ramon Agirre eta Zuhaitz Gurrutxaga aktore ezagunak arituko dira.
Konpromisoa Philippe Claudel idazle frantziarraren komedia bat da. Euskarazko bertsioa Txalo konpainiak ekoitzi du. Antzezlanaren zuzendaria Begoña Bilbao da.
Protagonistak Tomas eta German izeneko bi lagun dira. Tomas sasi autore bat da eta German arrakasta handirik gabeko aktorea. Germanek arazo ekonomikoak ditu eta bere apartamentua saldu beharra du. Etxebizitza erosi nahi duen batekin tratua egiteko gelditu da eta Tomasi laguntza eskatu dio. Izan ere, zintzo plantak egiteko orduan, Tomasek ez du parekorik.
Eroslea engainatu nahi dute, baina bere zain dauden bitartean, aspaldi gordeta zituzten sumindurak elkarri botako dizkiote. Eroslea iristen denean, bi lagunak eztabaidako unerik gordinenean harrapatuko ditu.
Sarrerek 10 euro balio dute, baina Gazte Txartela dutenek 7 euro bakarrik ordaindu behar dute. Bestalde, 18:30etik aurrera Zelai Ariztiko leihatilara hurbiltzen diren 30 urte azpikoek 5 euro bakarrik ordainduko dute.
Eusko Jaurlaritzak aforoa %35etik %60ra igo duenez, orain arte baino jende gehiagok gozatu ahal izango du antzerkiaz. Aurreko saioetan 140 ikuslerentzako tokia egon da eta ostiralean 196 ikuslerentzako tokia egongo da.
Ikuskizun Eszenikoak
Antzerki saio hori Urretxuko eta Zumarragako udalek antolatu dute, 2021eko Ikuskizun Eszenikoak programaren barne. Urtea amaitu aurretik, beste hiru antzerki saio egongo dira. Urriaren 1ean Lakanosa Teatro taldeak El instituto T lana antzeztuko du, azaroaren 5ean Erre Produkzioak konpainiak Nola heldu gara honetara? eta abenduaren 3an El Mono Habitado konpainiak ¡Ave, osos!.
Bestalde, Zumarragako Udalak beste ikuskizun bat antolatu du Ikuskizun Eszenikoak programatik kanpo. Abraham Gallego eta Aryel Altamarrek Mentalízate lana eskainiko dute hilaren 10ean, 20:30ean, Zelai Arizti aretoan. Sarrerak aretoko leihatilan eta woutick.es webgunean eskura daitezke, 10 euroan. Egunean bertan 13 euroan salduko dituzte. Bestalde, ikuskizunaren Facebook-ean bost sarrera zozkatuko dituzte.