Eusko Jaurlaritzak ArcelorMittalek Zumarragan duen lantegia erosiko du
Zazpi milioi euro ordainduko du eta deskontaminazioa bere gain hartuko du
Eusko Jaurlaritzak, Sprilurren bidez, ArcelorMittalek Zumarragan duen lantegiaren zati bat erosiko du. 15 hektareako eremu bat da: ijezketa-trenei eta txatarra biltegiari dagokiona. Azken hori beste leku batean kokatuko da. Jaurlaritzak zazpi milioi euro ordainduko du. Gainera, deskontaminazio lanak bere gain hartuko ditu. Lantegiaren azpitik doan ibaiaren zati bat aire zabalera aterako du, besteak beste. Bertan garatuko den jarduera ez da jatorrizkoaren ezaugarri berekoa izango. Aurreikuspenen arabera, urrian abiatuko da instalazioak desegiteko prozesua.
Mikel Serrano Zumarragako alkateak “oso albiste ona” dela eta egitasmoa aurrera ateratzeko erakunde guztiek elkarrekin lan egin beharko dutela esan du. Legazpi, Urretxu eta Zumarragako beste 135.000 metro koadro oraindik ArcelorMittalen esku daudela gogoratu du eta horiei irtenbidea emateko ere lan egin beharko dela gogoratu du.