Hastear da hiri antolamendua berritzeko parte hartze prozesua
Bilerak egingo dituzte herritarrekin datorren astean, lau hirigintza eremu aztertzeko. Proposamenak egiteko epea irekiko da gero. Indarrean dagoen araudia 2008koa da
Hastera doa Legazpiko Herri Antolamendu Plan Orokorra HAPOren berrikuspena gauzatzeko herritarren lehen parte hartze prozesua. Herria lau gunetan banatu, eta bakoitzari buruzko hirigintza gaiak azaltzeko beste hainbeste bilera egingo dituzte legazpiarrekin udaleko ordezkariek, dokumentu berriaren sorreran lan egingo duten teknikariek lagunduta.
Atzo eman zuten horren berri Koldobike Olabide alkateak eta Garikoitz Ortuzar udal arkitektoak udaletxean egindako prentsaurrekoan. COVID-19ak prozesu guztia atzeratu badu ere, Legazpiko hirigintza plangintza berria gertuago dago.
2008tik indarrean
Indarrean dagoen HAPO edo Legazpiko lurraldea antolatzen duen dokumentua 2008koa da. Ordukoak dira udalerriko hiri lurzoruan, landa lurzoruan eta hiri lurra ez den lurzoruan aplikatzen diren arauak, eta horiek berrikusteko premia ikusita, lanean hasi zen udala 2020an, zazpi fasetan banatutako prozesua diseinatuz. Lehena hasita dago.
«Etorkizuneko Legazpiri buruz hausnartu behar dugu», azaldu zuen Olabide alkateak, eta iraunkortasunaren edo klima aldaketaren irizpideak kontuan hartuta, herria berrantolatzeko beharraz hitz egin zuen. «Helburua udalerri irisgarria eta legazpiarren etorkizuneko beharretara egokitua izatea da».
Parte hartze prozesua
Etorkizuneko Legazpi «herritarrekin, gizarte erakundeekin, elkarteekin, enpresekin eta tokiko merkataritzarekin» elkarlanean diseinatuko dela ere azaldu zuen, eta horretarako, HAPO berrikusteko prozesuaren hasieratik herritarren iritzia «funtsezkoa» dela nabarmendu zuen.
Herritarren lehen parte hartze prozesua datorren astean hasiko da, eta Ortuzar udal arkitektoak egingo dituzten lau bileren berri eman zuen. Bileretan HAPO zer den azaldu eta berrikuspen prozesuaren xehetasunak ematearekin batera, hirigintza eremu bakoitzari buruzko informazioa emango dute. Ondoren, herritarrek etorkizuneko Legazpirako proposamenak egin ahal izango dituzte hilaren 24ra arte.
Lau eremu, lau bilera
· Irailak 6, astelehena. Laubide, Urtatza eta San Juan eremua izango dira aztergai.
· Irailak 7, asteartea. Itxaropen, San Ignazio eta Arantzazu eremua.
· Irailak 8, asteazkena. Erdigunea eta Elbarrena eremua
· Irailak 9, osteguna. Telleriarte eta Brinkola eremua.
· Bilerak non: Kultur Etxean dira lau bilerak, 19:00etan.
Legazpiko hirigintzaren hiru erronkak
Etorkizuneko Legazpi diseinatuko duen HAPOren berrikuspenak hiru erronka nagusi planteatzen ditu: energia eta mugikortasuna batetik, klima eta ingurumena bestetik, eta demografia eta populazioa hirugarrenik. Hiru alderdi horiek gertutik zaindu beharko ditu dokumentu berria lantzen hasi den Legazpi Garatuz aldi baterako enpresa elkarteak (Taper Arquitectura eta Territorio y Ciudad enpresek osatua).
Energia eta mugikortasunaren erronkaren barruan, iraunkortasun edo jasangarritasun energetikoaren azterketa, mugikortasunaren kudeaketa optimorako hirigintza plangintza, garraio publiko eraginkorragoa eta iraunkorragoa, argiteria publikoa eta energia berriztagarrien tokiko ekoizpena eta karbonoa atzitzeko eta biltegiratzeko teknologia berriak sartzen dira, besteak beste.
Klima eta ingurumenarekin lotutako erronkan, egokitzeko gaitasuna hobetzeko eta klima aldaketaren aurrean herriak duen kalteberatasuna murrizteko proposamenak jaso beharko dira. Ingurumen, kontserbazio eta paisaia arloko beste hobekuntza batzuk ere aztertu beharko dira, bereziki lurzoru urbanizaezinari buruzkoak, baina baita hiri lurzoruari buruzkoak ere.
Azkenik, demografiaren eta populazioaren erronkaren barruan, lurzoru urbanizaezinaren eta landa guneen despopulazioa saihesteko proposamenak hartu beharko dira kontuan, baita biztanle berrientzako abantailak ere. Adinekoekin eta dibertsitate funtzionala dutenekin hiri giro lagunkoia finkatzeko neurriak ere jaso beharko dira.