Larunbatean hasiko da Antioko 38. Musikaldia
Bost kontzertu antolatu dituzte, denak ere, larunbat arratsaldetan, asteburu honetan hasita. Azkena, Ezkioko Igartubeiti baserrian egingo dute.
Larunbatean Antioko Musikaldiaren 38. edizioa hasiko da. Bost kontzertu egingo dira, hurrengo bost larunbatetan. Lehen lauak Antioko baselizan izango dira, 19:30ean. Urriaren 2koa Ezkioko Igartubeiti baserrian izango da, 18:30ean. Autobus zerbitzua egongo da. Kontzertuak baino 45 minutu lehenago abiatuko da, Correosetik. Sarrera doan izango da, baina gonbidapena eskuratu beharra dago. Horretarako, Zumarragako kultur etxera deitu behar da.
Larunbat honetan Tetraphilla Ensemble taldeak, Ander Telleria akordeoilariak eta Anna Margules txirulariak San Inazioren bizitzan zehar ibilbide musikala egingo dute. Izan ere, datorren urtean Loiolatik Manresara egindako bidaiaren 500. urteurrena izango da. Kontzertuan San Inazioren garaiko obrak joko dituzte.
Irailaren 11n Sigma Project Sax Quartet laukoteak eta Mario Prisuelos pianistak Glass, Bernstein eta Gershwin-en obrak joko dituzte. Irailaren 18an, berriz, Musbika Ensemble taldeak Europako barrokoan barnako bidaia egingo du. Zumarragako emanaldiekin bukatzeko, hilaren 25ean Pablo Sainz-Villegas gitarristak Granados, Tarrega eta Albenizen obrak joko ditu. Sainz-Villegasek 40 herrialde baino gehiagotan jo du, munduko orkestra garrantzitsuenekin. Bere bideoek milioika ikustaldi izan dituzte Youtuben.
Bukatzeko, urriaren 2an Euskal Barrokensemble taldeak Ezkioko Igartubeiti baserrian joko du.
Aurtengo edizioa atzo aurkeztu zuten, Zumarragan eta Donostian. Mikel Serrano Zumarragako alkateak Antioko Musikaldia 1984an sortu zela gogoratu zuen, musika kultua herrialdean zabaltzeko. Zumarraga eta Deba aitzindariak izan ziren.