Maria Jesus azken denda-lanetan
Lazkaoko San Prudentzioko 'Mikaelaren dendan' 57 urtean lan egin ondoren, erretiratzera doa Maria Jesus Dorronsoro dendaria. Jarraipena izango du dendak, herritar batek hartu baitu.
Edozertatik saltzen zuten auzo denda izan da Lazkaoko Coviran, herritarren artean Mikaelaren denda. 1962an jarri zuen Mikaela Arostegik, eta bi urte geroago, 1964an, hamabi urteko iloba gaztetxoa laguntzen hasi zitzaion: Maria Jesus Dorronsoro Arostegi (Legorreta, 1952). Ia 60 urteko zikloa herenegun bukatu zuen Dorronsorok, arduradun bezala azken eguna baitzuen. Erretiroa hartzera doa.
«Goizetan Beasainen mojetara joaten nintzen eskolara, eta arratsaldeetan izeba Mikaelari laguntzen nion dendan. Beti hemen lan egin dut, ikasketak utziz geroztik», gogoratu du Maria Jesus Dorronsorok. Mostradore altu urdinaren atzean ezin goraino iritsi, eta banku bat jartzen ziola izebak gogoan du.
Ultramarino denda motakoa zen, «denetatik» saltzen zena: «Eskaileran goiko solairura igotzen zen. Denetik egoten zen: zapatak, kamisetak, barruko arropa, lapikoak, eta baita janaria, fruta eta garbitasun gaiak ere».
Lana «benetan eta gustura»
Duela 25 bat urte berritu zuen denda. Goiko solairua itxi, eta behekoa hazi zuen; Coviran katekoa da egun.
57 urte igaro ditu dendan, eta lanean «oso gustura» aritu dela aitortu du. «Ni ondo nago, eta niretzat lan erraza izan da. Baina momentua iritsi zait uzteko; TicketBai sistema dator gainera, eta 70 urterekin nolako hasiko naiz hori ikasten?»
Auzo-denda bat izan arren, herri osokoak izan ditu bezero, baita kanpokoak ere: «Ataungoak, Lazkaomendikoak… Itsasondotik ere etortzen dira. Igande goizetan ere ireki egiten nuen, eta taberna askotatik etortzen ziren, zerbait falta zutenean».
Legorreta jaioterritik 12 urterekin etorri zen Lazkaora familia, eta harrezkero lanean aritu da. Ez dio ezeri muzin egin. «Enkarguak etxeraino ere eramaten genizkien bezeroei. Senar zenak ere laguntzen zidan; duela lau urte geratu nintzen alargun. Goizean zortzietan irekitzen nuen denda, frutazalea etortzen zenean zazpietan. Lana benetan egin dugu».
Erositakoa ordainkizun uzteko «libretan apuntatzeko» ohitura ezagutu zuen. «Baina jendea jatorra da, eta beti ordaintzen zuten». Txartel elektronikorik ez du izan sekula; «eragiketak buruz egiten ditut, argia joandakoan ere ez dut arazorik».
Erreleboarekin, pozik
Cristina Crespo lazkaotarrak hartu du orain denda. Atzo zuen lehen lan eguna. «Ilusio ikaragarria daukat. Ni San Jose auzokoa naiz, eta denda beti ezagutu dut. Jendea ezaguna dut, konfiantzazkoa. Eta benetan laguntzen dit Maria Jesusek», dio Crespok.
Hilabetean ondoan izango du dendari iaioa. Gero, erabat erretiratu eta «gauza askotan» apuntatuko da, Maria Jesusen denda irekita ikustearen pozarekin.