Produktu berriz emankor hasi da iraila
Barazki eta fruta berri asko, batzuk tradizio handikoak, babarrun beltza esate baterako; ez ohikoak ere bai, berenjena txuria adibidetako bat.
Berriz ere urteko ohiko erritmoan sartzea dakar gehienontzat irailak. Oporretatik itzuli dira saltzaileak eta ohiko erosleak, kanpotar gutxiago atzo.
Abuztuko salmentaz bakoitzak salgai duen produktuaren araberako iritzia du. Salmentak urriago produktu freskoen postuetan, «betiko erosleak otordu gutxiago egiten ditu udan eta turistek ez dute hauen beharrik»; eta aldiz, «gazta enbasatua askok erosten dute», «baita txakolina ere» oroitzapen gisa eraman daitezkeenak ondo saldu direla zioten.
Produktuei dagokionez, azken asteetan aberastu egin da aukera, aran, sagar, udare, kuia, leka mota ugari ekarri dituzte, baita hurra, irasagarra, potxa, eskarola kixkurra eta txikoria ere. Eta emariak segitzen du. Atzoko nobedadeen zerrenda horren lekuko: Babarrun beltza lekan (12-14€/k) hiru postutan ikusi genuen, bruselaza (6€/k) Patxi Arizmendik, eskarola lisoa 1€/bakoitza Edurne Jauregik, pikillo piperra (4€/k) M. Jesus Oriak, patata gorria (2€/k) Arantxa Zurutuzak. Hain ezagunak ez direnen artean arbitxoaza burua (1€/bakoitza), berenjena zuria (3,5€/k) eta boniatoa (3€/k) ere ikusi genituen. Frutei dagokionez urte ona dugu aurtengoa, sagar eta txermen arbolei adarrak puskatzen ari zaienekoa entzuten da. Atzo ere bi sagar mota berri izargorri edo red star delakoa eta junbo. Azken hau ikusgarria da, sagar bakarra 670 gr. artekoa, gorri berde kolore dotorekoa, Joxe Antonio Aizpuru errezildarrak du. Piku beltza (3€/k) ekarri zuen Miren Jauregi aramarrak, lehen gaztainekin (4€/k) batera.
Landareei dagokionez azen familiakoak nagusi, baita porru, zerba, ziazerba, eskarola, borraja… eta orburu sustraiak ere salgai ditu Esther Illarramendik euroan bakoitza.
Ordiziako Azoka Pintxoa
Ekimen hau duela hilabete batzuk, azoka sustatzeko martxan jarri zen herriko hainbat tabernetan. Atzo Pottokako pintxoa aurkeztu zen Plaza Nagusian eta saltzaile guztiei eskaini ere bai.
Gazta lehiaketa
Berez, datorren asteazkenean behar zuen feria berezia 2. urtez ez da normaltasunez egingo. Iaz bezalatsu izango da. Gazta lehiaketa Beti alai pilotalekuan, sartzeko gonbidapena beharko da eta kanpoko frontoi txikian azken urteetako irabazleek haien gazta saltzeko aukera izango dute.