San Gregorio auzoan kultura ekitaldiak egingo dituzte etzi
Magia ikuskizuna, bertso saioa eta kontzertuak antolatu dituzte larunbaterako. Hiru saioetara joateko sarrera hartu behar da.
Ataungo San Gregorio auzoan ez dute aurten ere jairik ospatuko. Horien ordez, ordea, bertako Jai Batzordeak kultura ekitaldi batzuk antolatu ditu. Larunbatean izango dira, irailaren 4an.
Eleder magoaren ikuskizuna izango da, 12:00etan. Arratsaldean, 17:00etan bertso saioa hasiko da. Maddi Aiestaran, Maialen Akizu, Andoni Egaña eta Aitor Sarriegi ariko dira. Azkenik, 20:00etan, Tirokatuak taldea eta Sara Zozaia abeslaria ariko dira. Plazan dira ekitaldi guztiak.
Sarrerak behar dira
Hiru saioetara joateko sarrera eskuratu behar da. Astelehen eguerdian banatu zituzten plazan, pertsonako lau, baina oraindik geratzen dira. Mezua bidali behar da (636 473 508/ 629 654 342) izen-abizenak eta sarrera-kopurua zehaztuta.