Talidomida botikak kaltetutakoen alde lasterketa egingo dute
Irailaren 11n, larunbatarekin, jokatuko da proba Legorretan, udalak, Avite-k eta Pikuk Kirol Taldeak antolatuta. Azken Hatsa talde arabarrak konposatutako abestiak girotuko du lasterketa
Iazko etenaren ondoren, Talidomida botikaren kaltetuen aldeko lasterketa antolatu dute Legorretako Udalak, Avite-k (Talidomidaren kaltetuen elkarteak) eta Legorretako Pikuk Kirol Klubak. Datorren irailaren 11n, larunbata, izango da, eta izen ematea zabalik dago.
Talidomidagatik kaltetutako pertsonek justizia eskatzen jarraitzen dute, eta bizi duten egoera gizarteratzeko helburuarekin antolatu dute datorren asteburuko lasterketa. Aurtengoan, aurreko edizioetan baino xumeago dator festa; lasterketaz gain antolatu izan dituzten beste ekintzak ez baitituzte egingo osasun larrialdia dela eta, baina lasterketa bai, egingo dute.
Herriko plazatik abiatuko dira lasterkariak, arratsaldeko 18:30ean, eta toki berean amaituko da proba, 7 kilometro inguruko bidea egin ostean.
Izen emateak www.kirolprobak.com webgunean egin ahalko dira lasterketa aurreko egunetan. Lasterkari bakoitzeko zazpi euroko kostua izango du. Izen emateekin eskuratutako diru guztia, Avite elkarteari bideratuko diote.
Musika, girotzeko
Aurtengo edizioak baina sorpresa bat dakar. Izan ere, lasterketa egunaren bezperan, ostiralean, hilak 10, Lagrimas de arena kanta estreinatuko dute. Azken Hatsa punk-rock talde gasteiztarrak konposatu du, Avite elkartearen laguntzarekin, eta Euskal Herrian sona handia duten musikarien babesarekin. Abestian kolaboratzaile aritu dira Zea Mays taldeko Aiora Renteria, Niña Coyote eta Chico Tornadoko Koldo Soret, Reincidentes taldeko abeslaria Fernando Madina eta El Drogas.
Irailaren 11n egingo den lasterketa girotzeaz gain, Avite elkartearen proiektuari ikusgarritasuna ematea ere bilatzen dute abestiarekin.
Esan bezala, datorren ostiralean egingo dute kantaren aurkezpena. Legorretako Herri Antzokian izango da, 19:00etan. Ekitaldian egon nahi dutenek, aldez aurretik gonbidapena eskuratu beharko dute, aforoa mugatua izango baita. Gonbidapenen inguruko informazio gehiago, hurrengo egunetan emango dute. Bitartean, Lagrimas de arena kantaren aurrerapen bideoa ikusgai dago Azken Hatsa taldearen sare sozialetan eta GOIERRIKO HITZA-ren webgunean.
Kalte ordainik ez momentuz
Talidomida botikaren kaltetuen eskubideen aldeko borroka oraindik ez da bukatu. Mariano Garmendia Aviteko kide legorretarraren hitzetan, «2019an bezala jarraitzen dugu, eta kalte ordainak jaso ahal izateko, Espainiako Gobernuak errege dekretua onartu zain gaude. 2018ko aurrekontuan onartu ziren kalte ordainak, baina errege dekretua onartu zain gaude».
Gauzak hala, kaltetu guztien eskubideak bermatzeko pausoak eman daitezen exijituko dute.