40. Lierniko proba jokatuko da igandean, junior eta kadete mailetan
Errepideko proba 09:30ean izango da, eta erlojupekoa, berriz, 11:45ean. 115 bat txirrindularik eman dute izena parte hartzeko. Aurreneko 40 ziklistek jokatuko dute erlojupekoa
Igandean, irailaren 5ean, 40. Lierniko txirrindularitza proba jokatuko da, Segurako Txirrindularitza Elkarteak antolatuta. Bi lasterketa izango dira: errepidekoa 09:30ean eta erlojupekoa ondoren, 11:45ean. Larunbatean Ibarrako proba jokatuko da, eta Liernin 115 txirrindulari inguruk parte hartzea aurreikusi dute antolatzaileek. Junior mailako eta kadete mailako 2. urteko txirrindulariak lehiatuko dira, nazional kategorian.
Errepideko proban 55 kilometroko ibilbidea egingo dute. Mutiloatik irten eta Seguratik pasata, Zegamara abiatuko dira. Bertan itzulia eman eta Segurako alde zaharretik igaroko dira. Idiazabalgo bidegurutzetik Olaberriako zubia pasa eta Ormaiztegira joango dira, bertatik Lierniko gainara igotzeko. Mutiloara jaitsi eta Seguratik pasako dira berriz ere, eta hortik Mutiloara, Liernira igotzeko ondoren. Mutiloara jaitsiko dira berriz ere, Segurako bariantetik Zerainera igotzeko. Mutiloara abiatuko dira ondoren, eta Lierniko gainean amaituko da lasterketa, 11:00ak aldera.
Errepideko probako lehenengo 40 sailkatuek erlojupeko proba jokatuko dute gero. 4 kilometroko lasterketa izango da, Segurako eta Mutiloako bidegurutzetik abiatu eta Lierniko gainera ahalik eta azkarren joateko. Ziklistak minutu bateko tartearekin aterako dira. Sei minutu inguru emango dituzte txirrindulariek erlojupekoan. 11:45ean hasiko da eta lehena Liernira 11:51ean iristea aurreikusi dute.
Iazko proban, Limousin taldeko Arkaitz Garmendia txirrindulariak irabazi zuen errepidekoa, eta erlojupekoa, berriz, Ampo taldeko Unax Iztuetak.
Lierniko Jairik ez da izango Mutiloan, irailaren 8an
Lierniko jaiaren inguruan antolatu ohi dute txirrindulari proba urtero. Irailaren 8a izaten da Lierniko jai eguna, baina aurten ez da halakorik ospatuko. Mutiloako Udalak azaldu duenez, bertan behera geratu dira Lierniko Jaieko ospakizunak, eta ez da ekitaldi ez jarduera ofizialik antolatuko.