Beasainek zabalduko du REFEren 3. Mailako denboraldia, bihar
Txuri-urdinek Tolosan jokatuko dute. Ahalik eta gorenen amaitzea izango da helburua, lehia estua izango den arren. Gordobilen mutilek denboraldi-aurre borobila egin dute
Beasainentzat amaitu dira entseguak eta lehiari ekiteko ordua heldu zaio. Tolosaren aurka jokatuko dute bihar, 16:30ean, Berazubin. 2021/2022 denboraldiko lehen partida ofiziala izango da. Are gehiago, sortu berria den RFEFren 3. Mailako laugarren multzoko lehen partida izango da.
38 jardunaldi dituzte aurretik, gutxienez. Beasain laugarren multzoan dago kokatuta, hego euskal herritarren multzoan. 20 talde dira denera, eta guztiek elkarren aurka jokatuko dute bi bider, etxean eta kanpoan. Talderik onena zuzenean igoko da RFEFren 2. Mailara; bigarrenetik bosgarrenerako taldeek elkarren aurkako kanporaketak jokatuko dituzte, maiatzaren 8an eta 15ean, partida bakarrera; bertako garaileak beste multzoetako garailearen aurka jokatu beharko du, maiatzaren 22an. Beasain horraino iritsiko balitz, 41 partida jokatuko lituzke denboraldi guztian.
Beasainen helburua ahalik eta gorenen amaitzea da. Zuzendaritza osatutako taldearekin gustura agertu zen lehen entrenamenduan egindako aurkezpenean. Aurkari indartsuak izango dituzte kontran, bigarren B mailatik jaitsi berriak diren Portugalete, Barakaldo eta Alavesen bigarren taldea, kasu.
Zenbat taldek galduko duten maila ez dago zehaztuta. Datorren denboraldian 20 taldetik hamaseira murriztuko dute liga. Zazpik gutxienez maila galduko dute, hortaz. Baina gehiago ere izan daitezke, RFEFren bigarren mailatik euskal herritarren bat jaisten bada.
Beasainek gorago amaitu behako luke, ondo bidean. Aurkari izango dituen lau talderen aurka jokatu du denboraldi-aurrean eta laurei irabazi die. Asteburu honetan aurkari izango duen Tolosa, tartean. Igor Gordobilen mutilek lagunarteko partida danak irabazi dituzte. Hamabost gol sartu dituzte eta lau jaso.
Harrobia denboraldi-aurre betean dago
Beasain Kirol Elkarteko gazte mailetako taldeek datozen asteetan hasiko dituzte lehiaketa ofizialak. Bien bitartean, lagunarteko partidak jokatzen hasiak dira. Kadeteen Ohorezko Mailak herenegun jokatu zuen, esaterako. Hiru eta bat menderatu zuten Tolosa. Asteburuan partida gehiago izango dira: bihar, lehen mailako infantilek Ordiziaren aurka jokatuko dute, 09:30ean; Nazional Ligako Gazteek Aretxabaletaren aurka jokatuko dute, 10:00etan; Ohorezko Mailako Kadeteek ere Ordizia izango dute aurrean, 11:15ean; Gorengo mailakoek Idiazabal izango dute kontrario, 12:30ean; eta Lehen Mailako Kadeteek Ordiziaren aurka neurtuko dituzte indarrak, 13:05ean. Partida denak Beasainen izango dira. Etzi infantiletako bi taldeek eta Ohorezko Jubenilek jokatuko dute. Idiazabalen eta Lazkaon jokatuko dute, hurrenez hurren. Harmailak irekita egongo dira, edukiera murriztuarekin bada ere.