Eskolako materiala erosteko eta alokairurako diru-laguntzak
Urretxuko Udalak eskolako materiala erosteko eta alokairua ordaintzeko diru-laguntzak eskatzeko epea ireki du.
Eskolako materiala erosteko laguntza errenta baxuak dituzten familientzat izango da. 18.000 euro edo gutxiagoko diru sarrerak dituzten familiek 100 euro jasoko dute gehienez seme-alaba bakoitzeko. 18.000 eta 22.000 euro arteko sarrerak dituztenek, berriz, 75 euro jasoko dute gehienez seme-alaba bakoitzeko.
Diru-laguntzak irailaren 1etik urriaren 10era herriko dendetan egindako erosketengatik emango dira. Diru-laguntza eskaerak azaroaren 6a baino lehen aurkeztu beharko dira. Udalak 10.000 euro bideratuko ditu egitasmo honetara, baina nahikoa ez bada, aurrekontua handitzea aurreikusi du.
Alokairua ordaintzeko diru-laguntzak, berriz, 18 eta 35 urte arteko gazteentzat, bananduta daudenentzat, 70 urtetik gorakoentzat eta alargunentzat izango dira.
Gehienez 28.000 euroko diru sarrerak dituzten norbanakoek eta gehienez 35.000 euroko diru sarrerak dituzten bikote edo familiek jasoko dituzte laguntza hauek.
Eskaerak Urretxuko udaletxean aurkeztu behar dira, azaroaren 15a baino lehen. Urretxuko Udalak 20.000 euro bideratuko ditu egitasmo honetara.













