'Gazte' eta 'genEroa' dantza ikuskizunak Ordizian asteburuan
Oinkari eta Hika taldeek 'Gazte' eskainiko dute gaur, Majori plazan. Bihar berriz, Kimua dantza kolektiboaren txanda izango da, plazan, 'genEroa' lanarekin.
Euskal Jaien hasiera beharko lukeen asteburuak dantza ikuskizun bikoitza dakar Ordiziara. Gaur, 19:00etan, Oinkari dantza taldearen eta Hika teatroaren elkarlanetik sortutako Gazte ikuskizuna izango da Majori plazan, eta etzi, Plaza Nagusian, 19:00etan, genEroa emanaldia taularatuko du Kimua dantza kolektiboak. Bi saioetarako sarrera doan da, edukiera bete arte.
Gazte ikuskizun gaztea da, gazteekin egina eta gazteak mintzagai dituena. Zuzendaritzaz eta dramaturgiaz Agurtzane Intxaurraga arduratu da, eta koreografiak osatzen Eneko Gil dantzari eta koreografoa aritu da. 16 eta 24 urte arteko hamar gazte daude eszenan. Musikaz DJ Zigor arduratu da, eta Little Martin DJa eta Eneko Dieguez saxofonistak zuzeneko musika egiten dute.
Genero ikuspegia landuz
Igandean, berriz, genero ikuspegiaren lanketa dakarren genEroa dantza ikaskizun berritzailea aurkeztuko du Kimua dantza kolektiboak. 6 dantzari eta gidari bat izango dira taula gainean, eta hainbat koreografia interpretatuko dituzte, musikak, zuzeneko errezitaldiek, bertsoek eta off-eko ahotsek lagunduta.