'Jazz ibiltaria'k Beasainen egingo du geldialdia
SGAEren Euskadiko Lurralde Kontseiluak Beasaingo Udaleko kultura sailarekin elkarlanean 'Jazz ibiltaria' zikloa antolatu du. Igartzan egingo du geldialdi bat, datorren igandean
Jazzak Gipuzkoan eta Bizkaian barrena bidaia bat egingo du, generoa zabaltzeko asmoarekin. Asteburu honetan hasiko du bidea, Bergaran, eta datorren igandean Beasainera helduko da. Jazz ibiltaria deitu diote ekimenari. SGAEren Euskadiko Lurralde Kontseilua dago atzean, tokian tokiko udalen laguntzarekin.
Jazz ibiltariak eta Igartza Musika zikloak bat egingo dute. Organic Matters laukotea igoko da oholtzara. Kontzertua hilaren 12an izango da, 20:00etan, Igartzako Jauregian. Doako emanaldia izango da. Gorka Iraundegik (Hammond organoa), Miguel Salvadorrek (gitarra), Aingeru Torrek (saxo altua) eta Alex Alonsok (bateria) osatzen dute taldea. Sorkuntza propioko piezak eta jazz munduko klasikoak uztartzen dituzte, Hammond organoaren soinu sakonarekin.
Jazz ibiltariak bere bidea jarraituko du irailean zehar. Girls in Band laukoteak hartuko du lekukoa, Galdakaon eta Elorrion jotzeko.