ArcelorMittalen lursailetarako proiektuak zehazteko, erakunde eta eragileen arteko lan mahaia eratzea eskatu du EH Bilduk
ArcelorMittalen lursailetarako proiektuak zehazteko, erakunde eta eragileen arteko lan mahaia eratzea beharrezkoa dela dio EH Bilduk. SPRIk lurrak erosi izana berri pozgarria dela adierazi du Josu Aztiria EH Bilduren Zumarragako bozeramaileak, “Urola Garaiak ezinbestekoa duen eraldaketa soziala eta ekonomikoa martxan jartzeko aukera leihoa delako”.
Eskualdearen garapen sozial eta ekonomikorako dituzten hainbat proiektu estrategiko mahaigaineratu eta lur eremu horietan zer eta nola egingo den erabakitzeko eskualde mailako lan mahai bat martxan jartzea beharrezkoa dela adierazi dute Zumarraga, Urretxu eta Legazpiko EH Bilduko kideek.
Eragile ekonomikoen arteko kooperaziotik eta eskualde mailako ikuspegitik lan egiteko asmoz, udalak, enpresa ehuna, sindikatuak, Uggasa, UGLE, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzak mahai horretan parte hartu beharko lukete. “Urola Garaiko Lehiakortasun Estrategian zehaztutako erronkak lortzeko lan egin beharko genuke, jarduera ekonomiko berriak martxan jartzeko”, nabarmendu du Aztiriak.