Zumarragako Udala Argixaoko belar artifiziala berritzen ari da
Urolaren gizonezkoen lehen taldeak etxean jokatuko duen lehen partidarako prest egongo da. Bihar goizean Urolak 50. urteurreneko ekipazioa aurkeztuko du
Zumarragako Udala Argixao futbol zelaiko belar artifiziala berritzen ari da. Aurrekontua 284.000 eurokoa da eta beste erakunde batzuen diru-laguntza jasotzea espero du. Lanak iraileko lehen hamabostaldian amaitzea espero dute.
Kendu berri den belar artifiziala 2005ean jarri zuten. Orduko hartan Zumarragako Udalak 585.000 euroko inbertsioa egin zuen eta ez zuen diru-laguntzarik jaso. Belar artifizialak 10 urte inguruko iraupena izaten du, baina Argixaon jarri zenak 16 urte iraun du, zainketa egokiari esker.
Belar artifiziala aldatzeko lanak abuztuan hasi ziren. Zaharra kendu ondoren, berria jartzeari ekingo diote. Ondoren, zelaia margotuko dute, harea botako dute eta ateak eta aulkiak jarriko dituzte. Argixaoko futbol zelai nagusia irailaren 16rako prest egongo da. Urolak etxean jokatuko duen lehen partidarako, alegia.
Urolaren gizonezkoen lehen taldeak hilaren 12an hasiko du denboraldia, Ordizian. Etxeko lehen partida hilaren 19an jokatuko du, Añorga taldearen aurka.
Lagunarteko txapelketak
Lehenago, asteburu honetan bertan, lore eskaintza egingo da eta lagunarteko txapelketak jokatuko dira. Aurtengoak bereziak izango dira, Urolak 50. urteurrena ospatuko baitu denboraldi honetan.
Hala, 10:00etan, ekipazio berria aurkeztuko dute Luis Urdangarin futbol zelaian. Ondoren, 10:30ean, Ohorezko Mailako neskek lagunarteko partida jokatuko dute Arizmendiren aurka.
13:00etan, tradizioari jarraituz, nesken eta mutilen lehen taldeetako kapitainek, zuzendaritzako kideek lagunduta, lore eskaintza egingo diote Antioko Amari.
Arratsaldean, 16:30etik aurrera, Ohorezko Mailako mutilek lagunarteko txapelketa jokatuko dute. Txapelketa honetan Touring eta Ilintxa taldeek parte hartuko dute.
Bukatzeko, igandean haur mailako lagunarteko txapelketa jokatuko da. Txapelketa hau, beste biak bezala, Luis Urdangarin futbol zelaian izango da. Realak, Osasunak, Arnedok eta Urolak parte hartuko dute.
10:00etan Realeko mutikoek Arnedoren aurka jokatuko dute, 10:45ean Urolak eta Osasunak neurtuko dituzte indarrak, 11:30ean hirugarren posturako partida jokatuko da eta 12:45ean finala jokatuko dute. Urolak lehenengoz antolatu du haur mailako txapelketa hau.