Ernaik ikasturteari ekin dio
Beasaingo Ernaik kurtso hasierako batzarra egin du gaur goizean. Urte osoko agenda zehaztu dute
Beasaingo Ernaik gaur abiatu du 2021/2022 ikasturtea. Kurtso hasierako bilera egin dute, udaletxeko batzar aretoan. Jolasean ibili dira, gazte antolakundearen inguruko hausnarketa egin dute eta agenda zehaztu dute. Irailetik uztailera bitarteko egitaraua prest dute, hitzaldiekin, formakuntza saioekin eta aisialdiari lotutako ekintzekin. Esaterako, Goierri-Sakana mendi martxa errepikatuko dute, kidetzea sustatzeko.
Helburuak berdina izaten jarraitzen du: “antolakuntzaz, independentzia, feminismoa, sozialismoa eta ekologismoa” sakontzea. “Etorkizuna bermatzea”, borobildu du batzarrean parte hartu duen kideetako batek. Bi astean behin elkartuko dira.
Beasaindar gazteei parte hartzeko deia egin diete. “Sekulako aukera da. Kristoren esperientzia” dela azpimarratu dute: “Mundu honetan kokatzeko aukera da, errealitatea ulertzekoa”, hasi dute zerrenda. Kolektiboki aurre egiteko tresnak emango dituztela ere iragarri dute. “Sare erraldoi bat da. Lotura pila bat, harreman pila bat. Beasaindarren artean, Euskal Herri txoko pilo batetako jendearekin…”. Ikasi ere egiten dela gaineratu dute.
Parte hartu nahi duenak Beasaingo Ernairi Instagram bidez idatzi besterik ez du egin behar. Sare sozialen bidez ekintzen berri ematen joango direla iragarri dute. Ekintza solteetan ere har liteke parte.
Erreleboa
Ernai 2013an sortu zen, hainbat urtetan gazte antolakunde abertzaleak debekatuta egon ostean. Lehen urteetan gazte ugari mobilizatu zituzten, baina batzarrean aitortu dute azken urteetan gehiago kosta zaiela. Egoera irauli nahi dute. “Oinarri txukunak dituen beste olatu bat dator”, iragarri dute.