Euskalmetek abisu horia eman du, bero kolpea dela eta
Bero zakarra egingo du gaur eta bihar artean, Euskal Herriko barnekaldean. 36º-ra arteko tenperatura maximoak iragarri dituzte.
Asteburuan giro beroa izan bada, datozen egunetakoa ez da hobea. Euskalmetek abisu horia eman du, bero zakarra dela eta. Gaur hasi eta bihar arte, 36º-ra arteko maximoak iragarri dituzte, eta minimoak ez dira 20º-tik jaitsiko.
Epeletik hasi da eguna gaur, eta dagoeneko berotzen ari da. Eguerdi-arratsalde parterako, Gipuzkoa barnekaldean 35-36º-ra arte iritsi daitezke termometroak. Goi-hodei batzuk agertuko dira, baina ez dute freskatzen lagunduko. Gauean ere ez du askorik hoztuko, tenperatura minimpoak 20º-ren bueltan mantenduko baitira goizaldean.
Bihar ere giro sargoria izango da, eta beste behin ere, 36º inguruan kokatuko da hozberoa. Hodeiak garatuko dira, eta egunaren bukaeran, zaparrada txikiren bat bota dezake han-hemenka.
Astearte gauerdira arte luzatu dute abisua. Iragarpenen arabera, asteazkenean etor liteke aldaketa; fronte bat sartuko da, baina ez du euri askorik botako. Ostegunetik aurrera behera egingo dute tenperaturek.
Gaur eta bihar Abisu Horia tenperatura altu iraunkorragatik kostaldean eta Kantauri barnealdean eta bihar baso-sute arriskuagatik EAE-n.#AbisuHoria #beroa #BasoSutea pic.twitter.com/mm6wGZCWFU
— Euskalmet (@Euskalmet) September 6, 2021