Emiliano Lasa uruguaiar atleta Gabirian bisitari
Tokioko Olinpiar Jokoetatik bueltan Gabirian geldialdia egin du Lasak. Montevideon jaioa bada ere, gabiriar jatorria dauka jauzilari ezagunak.
Tokio 2020 Olinpiar Jokoetatik bueltan, Emiliano Lasa luzerako jauzilari uruguaiarra (Montevideo, 1990) Gabirian izan zen, igandean. Eguerdian plazan ibili zen, eta argazkiak atera zituen. Gabiriako jatorria dauka Uruguaiko atleta onentzat hartzen den Lasak. Herenaitona Primo Lasa Etxeberria (Gabiria, 1849) joan zen Uruguaira, 1880 aldera, Joaquin eta Juan Jose anaiekin batera. Santa Rosan kokatu ziren, barnealdeko Canelones departamentuan. Emiliano Lasak Rio de Janeiron (Brasil) diploma olinpiarra lortu zuen 2016an, seigarren eginda (8,10 metroko jauzia). Aurtengo uztailaren 31n, Tokion, finalera sailkatzeko atarian gelditu zen.