Oiangu parkeko argazki zaharrak eta istorioak jasoko dituzte iragana berreskuratzeko
Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Ordiziako Udalak abiatu dute ekimena. Herritar guztiei zabaldu diete ekimenean parte hartzeko aukera.
Oianguko argazki zaharren bilketa egingo dute Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Ordiziako Udalak. Helburua da Oiangu parkeko iragana berreskuratzea. Argazkiak bakarrik ez, tokiko istorioak ere jaso nahi dituzte. Irailaren 30a bitarte jasoko dute materiala. Ondoren, erakusketa bat egingo dute.
“Gure asmoa parke honen iragana eta geroa herritarrei erakustea da; horren bidez, bertako paisaian egin diren jarduerak ikusi eta ulertu nahi ditugu. Argazkiak bilduta, erakusketa bat egin nahi dugu lan mota horiek duten erabilgarritasunaren eta izan dezaketen ondorio sozial eta ekologikoaren gaineko pentsamendu kritikoa sortzeko”, azaldu du Aranzadiko proiektuaren arduradunak eta entomologoak, Bea Diazek.
Materiala nora eta nola bidali
Argazkiak eskaneatuta bidali beharko dira artxiboa@aranzadi.eus epostara, eta posiblea balitz, argazkiak ezkutatzen duen istorioa ere bai.