Perezek eta Aiestaranek Eusko Jaurlaritzaren aitortza jaso dute
Uxue Perezek eta June Aiestaranek Urruzuno literatur lehiaketa irabazi zuten maiatzean. Gainerako irabazleekin bost egun igaro dituzte Arantzan, sormena lantzen
Uxue Perez Mujika eta June Aiestaran Iparragirre Beasaingo institutu publikoko ikasleek Amaia Agirre Eusko Jaurlaritzako Ikaskuntza eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren aitortza jaso zuten ostiralean. Urruzuno Literatura Lehiaketako irabazleetako bi izan dira: Mujika, A mailako poesia sailean, Loredien maitalea lanarekin; eta Aiestaran, B kategoriako prosan, Mendekuen fabrikarekin.
Aitortza bost egunetako egonaldiaren ginga izan zen. Aurreko astean 20 sarituak Arantzako (Nafarroa) aterpetxean izan ziren. Sormena lantzeko lantegietan eta beste hainbat jardueratan parte hartu zuten, eta hainbat euskal artista gertu-gertutik ezagutzeko aukera izan zuten: Yolanda Arrieta, Fernando Morillo, Eneko Aizpurua edo Eñaut Elorrieta, besteak beste.
Urruzuno Literatura Lehiaketa urtetik urtera hazten ari da. Aurtengoan 342 lan aurkeztu dira, 55 lan poesian eta 287 prosan. Egungo euskal literaturan eta kultur munduan entzute handikoak diren lagunek osatutako epaimahaiak, tartean Patxi Zubizarreta ordiziarrak, 20 lanik onenak aukeratu zituzten. Hautatutakoekin bilduma bat kaleratuko dute datozen egunetan.