Taldekako bola txapelketa berria Goierriko zortzi taldek hasi dute
Modalitate berria sortu dute: bina talde aldiko, eta bolari denak denen aurka, joan-etorrian. Gizonetan sei talde atera dira, eta emakumeen bi, launa bolarikoak
Bola txapelketa ofizialak jokatzen hasi dira berriro, Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioak antolatutako taldekako lehiaketa berriarekin. COVID-19aren izurriteak 2020ko martxoan eten zituen lehiaketak. Eraberrituta, bolatokietan aldiko bolari gutxiago egoteko moduan, eta taldekako formatua indartuta, ostiralean hasi zen berragerpeneko lehiaketa.
Gipuzkoa bi eremutan bereizi dute, Beterri eta Goierri, eta bakoitzak bere eremuan jokatuko du. Hiru edo lau taldeko multzoak osatu dira, eremu bakoitzean gizonezkoen bina eta emakumezkoen bat. Multzoko taldeek denek denen aurka jokatu beharko dute, eta joan-etorriko jardunaldiak izango ditu ligaxkak, denera sei tiraldi.
Lehenengo jardunaldia asteburuan izan da; berez, egutegi ofizialean igandeko data dator, baina aste barruan ere joka daiteke, bi taldeek hitzartuta. Irailak 19, irailak 26, urriak 3, urriak 17 eta urriak 24 dira besteak, eta finala Altzan, urriaren 31n.
Lau bolarik osatuko dute talde bakoitza. Bolatoki batean, aldiko bi talde neurtuko dira aurrez aurre, eta bolari guztiek guztien aurka tirako dute (24na bola bakoitzak). Buruz burukoa irabazten duenak puntu 1 emango dio taldeari; tiraldi bukaeran, puntu gehien dauzkan taldeak (16 puntutik) irabaziko du jardunaldia, eta 3 puntu eskuratuko ditu taldeak; berdinduz gero 1, eta galdutakoak 0. Liga eran garatuko da txapelketa, eta multzo bakoitzeko onena igaroko da finalera.
Gabiria, Segura eta Zerain
Goierriri dagokionez, gizonezkoen A multzoan Gabiria-1, Zerain eta Gabiria-2 daude; B multzoan Gabiria-3, Gabiria-4 eta Segura; emakumezkoetan, Zerain eta Gabiria ari dira.
Lehen jardunaldiko emaitzak: Gabiria-2k 8,5 (3 puntu), Zerainek 7,5 (0); Gabiria-3k 7 (0p), Gabiria-4k 9 (3p); eta emakumeetan Zerainek 9 (3p), Gabiriak 7. Beste taldeek atsedena izan dute. Irailaren 17an eta 18an jokatuko da bigarren jardunaldia, hiru saioak Gabirian direla.