Eraikin publikoen energia beharra %30ean herrian sortuak aseko du
Eguzki-plaken instalazioa kokatu du Zaldibiako Udalak Lardizabal eskolaren eta Resti frontoiaren ondoan, haur eskolari gainetik itzala ematen dion egituran. 30 kilowatteko potentzia sortzeko gaitasun izendatua izango du (36 kW-eko potentzia instalatua). 144 zelula edo plakatxo fotovolatiko jarri dituzte, Goiener taldeko Nafarkoop-en proiektuan.
Tapia etxeak egin du plaken muntaia, eskaintza batzuk jaso ondoren. Instalazio elektrikoa bukatzea eta lotura egitea soilik falta da, «pare bat eguneko lana». Energia ekoizpena martxan, berriz, urtea amaitzerako jarri nahi du udalak, behin legeztapenak burututakoan.
Azaro alderako, lehen datuak jasotzea espero dute. Herritarrekin aurkezpen eta azalpen saio batzuk ere antolatuko dituzte, lekuan bertan.
%30eko autoekoizpena
Nafarkoopen proiektuaren arabera, Zaldibiako eraikin publiko guztiek batera urteko 96.665 kWh energiako kontsumoa izan zuten, azkeneko urtean. Haur eskolako instalazioak %30 asetzeko lain emango du.












