Urretxun kultur egitarau oparoa antolatu dute jaien ordez
Larunbatean herriarteko folklore jaialdia egingo dute eta igandean Amaia Iturriotzek eta Maite Arboniesek 'Lurretikan' ikuskizuna eskainiko dute
Bigarrengo urtez jarraian, urretxuarrek ez dituzte Santa Anastasia jaiak ospatuko, pandemia ekarri duen birusari aurre egiteko. Jaien ordez, udalak eta kultur taldeek kultur egitarau oparoa antolatu du.
Uztailean hasi ziren lanean. «Bi aukera genituen: ezer ez egitea eta kultur taldeen ilusioa hiltzen uztea edo irtenbidea bilatzea. Bigarrena egin genuen, noski. Uztailean eragileekin elkartu ginen eta egitarau malgua prestatu genuen, iraileko egoerarako balioko zuena. Irailean berriro elkartu gara egitaraua ixteko».
Lehen ekitaldiak asteburu honetan izango dira. Larunbaterako, Lurra dantza taldeak herriarteko folklore jaialdia antolatu du. Valentziako Les Potisses taldea eta Iruñeako Ortzadar gonbidatu dituzte. 18:15ean kalejira egingo dute eta 19:00etan jaialdia Aldiri kiroldegian. Jaialdian zehar argazki lehiaketa egongo da, Argazkia elkarteak antolatuta. Gonbidapenak kultur etxean eskatu behar dira: gaur, bihar eta etzi, 11:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era.
Igandean bi ekitaldi egingo dira. 12:00etan Iparragirre Balerdi musika tailerrak kalejira egingo du. 11:00etan, 13:00etan eta 18:00etan, berriz, Amaia Iturriotzek eta Maite Arboniesek Lurretikan ikuskizuna egingo dute Santa Barbaran. Lurretikan natura eta emakumea uztartzen dituen esperientzia sentsorial eta poetikoa da. 747 494 959 telefonoan eman behar da izena.
Angela erraldoia
Hurrengo asteburuan makina bat ekitaldi egongo da. Hilaren 17an, 19:00etan, erraldoi konpartsak eta dultzaineroek kalejira egingo dute. Amaieran Angela erraldoia aurkeztuko dute Iparragirre plazan. Eguraldi txarra egingo balu, aurkezpena Ederrena pilotalekuan izango litzateke. Angelaren aurkezpenerako gonbidapenak kultur etxean eskatu behar dira, larunbat honetan 10:00etatik 13:00etara eta 13an, 14an eta 15ean 11:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30-era bitartean.
Egun berean, Iparragirre 2020 erakusketa inauguratuko da Juan de Lizarazu aretoan. Bertan, urteurrenak utzi dituen une gogoangarrienak jasoko dituzte. Erakusketa urriaren 3a arte egongo da zabalik: asteartetik igandera, 17:30etik 20:30era.
Hilaren 18an, 12:30ean, Kimuak dantza kolektiboak genEroa ikuskizuna egingo du Ederrenan. Genero ikuspegiaren inguruko lanketa original eta berritzailea da. Gonbidapenak larunbatean eta hilaren 13, 14 eta 15ean banatuko dituzte, kultur etxean.
Egun berean, 18:00etan, hip hop jaialdia egongo da Labeaga aretoan. Zaragozako Sho Hai-k, Urretxuko eta Zumarragako Agresion Verbal-ek eta Donostiako eta Urretxuko Aigory&DJ Beniz-ek parte hartuko dute. Hilaren 18ko ekitaldiekin bukatzeko, txistulariek kalejira eta kontzertua egingo dituzte. Kontzertua 19:00etan hasiko da, Iparragirre plazan. Eguraldi txarra egingo balu, kiroldegian egingo litzateke. Gonbidapenak larunbatean eta hilaren 13, 14 eta 15ean banatuko dituzte, kultur etxean.
Azokak
Hilaren 19an folklore eta artisau azokak egongo dira, 10:00etatik 14:30era, Iparragirre eta Gernikako Arbola plazetan. Arratsaldean, 19:00etan, Esne Beltza eta Amak taldeek Ederrena pilotalekuan joko dute. Gonbidapenak kultur etxean banatuko dituzte, larunbatean eta 13an, 14an eta 15ean.
Hilaren 20an haurrak izango dira protagonistak. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara haur jolasak egongo dira Belaustegi plazan. Eguraldi txarra egingo balu, Aldiri kiroldegian egingo lirateke.
Bukatzeko, hilaren 25ean Iraila Kulturalaren eta ETS (En Tol Sarmiento) taldearen biraren amaiera ospatuko dute. Inor kontzertuaz gozatu gabe gera ez dadin, bi emanaldi egingo dituzte, 18:30ean eta 21:00etan, pilotalekuan. Gonbidapenak hilaren 21, 22 eta 23an banatuko dituzte, 11:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 30era, kultur etxean.
Ekitaldiak direla eta, egun batzuetan Iparragirre kalea itxi egingo da: 17an 19:00etatik 20:30era, 18an 18:30etik 21:00-etara eta 19an 10:00etatik 14:30era.