Kilometroak 2021 jaiaren hiru asteko egitarauarekin gozatzeko dei egin diete antolatzaileek goierritarrei
Egun nagusia urriaren 3an izango da, baina "denentzako moduko egitaraua" prestatu dute. Abestia ere aurkeztu dute. Aforo mugatuekin eta aurrez izena ematea derrigorrezkoa izango da.
Beasainen, Lazkaon eta Ordizian Kilometroak 2021 ospatzeko abiera eman dute. Jai eredua 2020an aldatu bazuten ere, pandemiaren erruz ez da aukerarik izan orain arte garatzeko. Aurten ere, mugekin eta osasun arauekin gauzatu beharko da. Baina hiru asteko egitaraua atondu dute, eta gaur aurkeztu dute Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastolek, eta Kilometroak Kultur Elkarteak.
Gipuzkoako ikastolen jaiaren 44. ekitaldia izango da, eta 1977an hasitako ibilbidea iruditan erakutsiko du kartel eta prentsa-orri erakusketa ibiltari batek. Bertso jaialdi bana ere antolatu dituzte, bakoitzeko musikariekin eta dantzariekin hornituta. Mintzolarekin elkarlanean deitutako ikerketa bekaren aurkezpena, eta ikastolen etorkizuneko hezkuntza proiektuaren oinarriak definitzeko Bihar egitasmoaren lanketa dira aurreko asteetako osagaiak. Irailaren 26an, Josetxo Imazen Oroimeneko korrikaldiak ere Kilometroekin bat egingo du, hiru herriak uztartzen baitituzte han ere.
Asteburu mamitsuena urriaren 2-3koa izango da, beti ere jende pilaketarik gabe eta festa-leku erraldoirik gabe. Kultur adirazpideek eta haurren nahiz gazteen jolas eta ikuskizunek hornituko dute girotzeko programazioa, bezperan. Egun nagusia, berriz, urriaren 3an, Kilometroekin lekukoarekin lotuko dituzte: Lazkaotik abiatu, Beasainera eraman, eta handik Ordiziara iritsita, 2022ko Kilometroak antolatuko duen ikastolari entregatuko diote. Ekitaldi nagusia edo ofiziala Ordizian egingo da, Jakintza ikastolaren San Inazio eraikinean.
Abestia, bertso-rap doinuetara
Gaur eguerdiko aurkezpenean, egitarauaz gain, Kilometroak 2021en abestia ere jarri dute, lehenengo aldiz. Arkaitz Karrasko eta Igor Barreros musikari goierritarrek ekoitzi dute, bailarako musikari sorta bikain batek interpretatuta eta kantatuta.
Barrerosek ezin izan du ekitaldira joan, eta Eider Ormazabal abeslariak irakurri ditu haren hitzak: “Abesti hau bertso-rap bat da, Kubaren eta Euskal Herriaren arteko lotura txiki bat. Instrumental urbano batek musikaren garai berriak islatzen ditu, eta rap kantu zuzen batek poesia eta erritmoa margotu. Ahots-melodiak, gaur egun horrenbeste behar dugun goxotasuna ematen dio, eta instrumentuak berotasuna eta naturaltasuna”.
Goierri’s in the house du izenburua kantuak, “hau gure festa delako”. “Goierri, gure sorterri, haize berri. Zu zara, euskara, zatoz festara, hiru ikastola bat gara” dio, berriz, errepikak.
Abestiaren egileak:
- Ekoizpen instrumentala: Eneko eta Porrus.
- Letra: Ainhoa Mujika eta Lander Arizmendi.
- Ahotsa: Alaitz Telletxea, Eider Ormazabal, Itziar Flores, Igor Barreros.
- Gitarra: Xa2 Makulu.
- Soinua eta moldaketak: Aitor Furundarena.
- Haize tresnak: Ixak Oiartzabal (saxo tenorea eta konposizioa), Jon Urteaga (saxo altua), Mikel Cobos (tronpeta) eta Manex Berdosa (tronboia).
- Ekoizleak: Arkaitz Karrasko eta Igor Barreros.
Kilometroak aurkezten izan dira Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Nekane Artola, Andramendi ikastolako ordezkari Itziar Flores, Jakintza ikastolako ordezkari Larraitz Garmendia, San Benito ikastolako zuzendari Xabi Maiza, eta Ormazabal abeslaria. Behin eta berriro gogorarazi dute ekitaldietara joan ahal izateko aurrez izena eman beharra dagoela, Kilometroak.eus webgunean (gaur aktibatu dute sistema).
Jaiaren leloa (Batera, bagara, bat gara) eta logoa (1 zenbakiarekin irudikatuta), martxoaren 23an Donostian jakinarazi zituzten Ikastolen Elkarteak, ikastola antolatzaileek eta Kilometroak kultur elkarteak.
KILOMETROAK 2021 EGITARAUA
- Erakusketa: Kilometroak bidea, 1977-2020 jaien argazkiak eta errepasoa.
- Ordizia. Irailaren 13tik 17ra, Barrena jauregiko ezkaratzean.
- Beasain. Irailaren 20tik 24ra, Usurbe antzokian.
- Lazkao. Irailaren 27tik urriaren 1era, kultur etxeko aretoan.
- Bertso saioak. Herri bakoitzeko musikariekin eta dantzariekin. Prezioa: 7 euro (izen-ematea kilometroak.eus webgunean)
- Lazkao. Irailak 17, 19:00etan, San Benitoko jolastoki estalian. Bertsolariak: Iban Urdangarin, Maddi Aiestaran, Oihana Iguaran eta Sebastian Lizaso. Aurkezlea: Aizpea Garmendia. Musikariak: Lazkaoko Banda eta Alaitz Telletxea. Dantzariak: Oin Arin taldea.
- Beasain. Irailak 24, 19:00etan, Usurbe antzokian. Bertsolariak: Aitor Sarriegi, Nerea Ibartzabal, Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldia. Aurkezlea: Saroi Jauregi. Musikariak: Muxutruk erromeria taldea, Itziar eta Erkuden Flores, eta Aitor Furundarena. Dantzariak: Aurtzaka taldea.
- Ordizia. Urriak 1, 19:00etan, Herri Antzokian. Bertsolariak: German Urteaga, Onintza Enbeita, Andoni Egaña eta Ane Zuazubiskar. Aurkezlea: Igor Eguten. Musikariak: Xabier Crehuet, Aitor Furundarena eta Eneko Lacalle. Dantzariak: Amets Bide taldea.
- ‘Bihar’ endekalogoko oinarri banaren lanketa. Foroak ikastoletan.
- Irailaren 30ean, Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastoletan.
- Mintzola-Kilometroak ikerketa bekaren aurkezpena.
- Urriaren 1ean, ostirala, 18:30ean, Ordizian. ‘Gabiriako bertsolaritza eta Gabirian bertsolaritza’ proiektua (Eresti Oiarbide eta Maialen Akizu).
- Bezpera. Urriaren 2an, larunbata. Bost espaziotan banatuta, adin-mailaren arabera.
- Ordizia. 11:00etan, Barandiaran plazan eta frontoian. Euskal jokoak eta kirolak, eta Ekirock jaialdia.
- Beasain. 19:00etan, Urbialde plazan. Haatik taldearen dantza garaikide ikuskizuna. Prezioa: 7 euro (kilometroak.eus).
- Lazkao. 19:00etan, San Benitoko jolastoki estalian. Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaez kontzertua. Prezioa: 5 euro (kilometroak.eus).
- Kilometroak 2021 egun nagusia. Urriaren 3a, igandea.
- Hiru herriak lotzeko lekukoa eramatea: Lazkao-Beasain-Ordizia.
- Umeentzako eta gazteentzako animazioa, jolasak eta ikuskizunak, adin-mailaka bereizita:
- Ordizia. Ekitaldi nagusia Jakintza ikastolaren San Inazio eskolan. Hitzartzeak, lekuko aldaketa..
- Ordizia. Barrena parkean, LH3 eta LH4ko Goierriko ikasleentzat (izena eman behar da) jolasak eta ikuskizunak.
- Ordizia. Oiangu gainean. DBHko ikasleentzat jolasak eta ikuskizunak.
- Beasain. Igartza eremuan, Haur Hezkuntzako eta LHko lehen zikloko (LH1 eta LH2) haurrentzat jolasak eta ikuskizunak.
- Lazkao. San Benitoko jolastoki estalian, LH5 eta LH6ko ikasleentzat jolasak eta ikuskizunak.