Segurako Txirrindulari Elkarteko zuzendaritza, errelebo eske
1977an elkartea sortu zutenetik lanean jardun dute eta hainbat proba antolatu dituzte harrezkero. Laguntzeko prest jarraituko duten arren, erreleboa eskatuko dute zuzendaritza lanetarako
Segurako Txirrindularitza Elkarteko zuzendaritza taldeak kargua utziko du. Hala jakinarazi dute Segurako Kultur Etxean egindako prentsaurrekoan. Bertan izan dira taldeko Iñaki Telleria, Jesus Gereñu, Javier Arostegi, Juan Mari Oiarbide, Iñaki Ugalde eta Juan Mari Gereñu. 1977an sortu zuten txirrindularitza elkartea.
«Batzuk gehiago, beste batzuk gutxiago, baina badira 50 bat urte. Urte guzti hauetan elkarrekin eta lanerako gogoarekin ibili gara», agertu du Juan Mari Gereñuk. Elkartea sortu aurretik, urte batzuk lehenago Beasaingo Loinaz Txirrindularitza Elkartearekin elkarlanean jardun zuten. «Batzuek urteetan aurrera egin dugulako gure zuzendaritza uzteko erabakia hartzera bultzatu gaitu». Urte hauetan haiekin lan egin dutenak oroitu dituzte, eta baita haiekin batera sortzaile izan ziren Joxe Agirre, Pablo Gereñu eta Jose Mari Gereñu.
«Hasieratik prest» agertu dira, eta horren ondorio dira antolatu dituzten proba guztiak, herri mailan zein herritik kanpo: Gabirian ziklo krosak, gaur egun oraindik antolatzen den Lierniko jubenil proba, eskola txirrindulari probak Seguran edo Txirrindularitza profesionalean Euskal Bizikleta, besteak beste. «Baina orain pixka bat nekatuak gaude eta antolakuntzan geroz eta zailtasun gehiago izaten ditugu Ertzaintzaren aldetik eta baita herriko gazte batzuen aldetik ere».
Erreleboa eskatzea
Egindako lanak jarraipena izan dezan, erreleboa eskatuko dute, eta zuzendaritza utzita ere, laguntzeko jarrera izango dute. Oraindik osatutako talderik ez badute ere, testigua jasotzeko herritar bat prest agertu dela azaldu dute. «Badakigu lanerako sartzen den hurrengo taldeak gu bezain ondo edo hobeto lan egingo duela eta beraien eskuetan uzten dugu elkartea».
Azken 50 urteetan laguntzaile izan dituzten erakunde eta enpresei eskerrak eman dizkiete, eta baita karrera egunetan bidegurutzetan lagundu duten herritarrei ere. Segurako Txirrindularitza Elkarteak zuzendaritza talde berri bat izango du, baina hurrengo taldeak erreleboa hartu eta orain arte egindako lanarekin jarraituko du ondo bidean.