Iñaki Olanok eta Oihana Kortazarrek irabazi dute Axari Trail
Axari Trail Txikia Hassan Ait Chaouk eta Irati Larrañagak irabazi dute
Axari Trail mendi lasterketa jokatu da gaur goizean Idiazabalen, eta ia 400 korrikalari lehiatu dira Mikel Garmendiaren omenezko proba honetan. Bi ibilbide izan ditu lasterketak, 16 kilometroko Axari Trail Txiki eta 25,4 kilometroko Axari Trail ezaguna.
Axari Trail Txikian Hassan Ait Chaou villabonarra izan da lehena plazan jarritako helmugara heltzen (1:16:47), eta haren atzetik heldu da bigarren postuan Amets Aramberri zestoarra (1:17:03). Hirugarrena, berriz, Jon Urteaga idiazabaldarra izan da (1:19:51), herritarren txaloekin helmugaratu dena. Emakumezkoen artean Irati Larrañaga usurbildarrak lortu du lehen postua ibilbide laburrean (1:33:28). Bigarren postua Oiartzungo Larraitz Etxebestek eraman du (1:35:03), eta honi jarraika Janire Agirre ataundarra iritsi da helmugara (1:35:30).
Axari Trail lasterketari dagokionez, gizonezkoen artean Altzoko Iñaki Olano izan da proba honetako irabazlea (2:07:37). Ibilbide luzean bigarren postua lortu duen korrikalaria Imanol Goñi natxituarra izan da (2:10:04), eta hirugarren postua eraman duena, berriz, Irunberriko Xabier Zarranz (2:10:37). Emakumezkoen artean, Oihana Kortazar mutrikuarrak irabazi du lasterketa nagusia, eta honen atzetik heldu da oso tarte txikiarekin Igorreko Onditz Iturbe, bigarren postuan (2:25:50). Hirugarren postua gaurko lehiaketan Urrugneko Maud Combarieuk eraman du (2:47:52).