Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketaren 30. edizioa ospatu dute
Tradizioa ez da galdu urteetan zehar, eta dagoeneko 30 edizio bete ditu Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketak. Gaztetxoen sailean Zaldibiako Suhar Mantzizidor izan da garaile. Gazteen artean, berriz, June Aiestaran beasaindarrak jaso du lehen saria aurten ere. Helduen artean, Beasaingo Ekaitz Goikoetxea saritu dute “jokoa ez da errenta” lanagatik.
Aurten ere, aurreko urteetako bideari jarraiki, Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa ospatu dute Ordiziako Barrena Kultur Etxean, aurtengoa hogeita hamargarren edizioa izanik. Argi Berri Elkarteak Ordiziako Udalarekin batera antolatutako lehiaketa honetan, Ordiziako Udaleko alkatea den Adur Ezenarro Agirre, Argi Berri Elkarteko presidentea den Xabier Etxezarreta eta Joxe Miel Iztueta “Lazkao Txiki” zenaren iloba Martina eta Mari Jose aritu dira sari-banatze lanetan.
Ordainagiri ekonomikoaz gain, “Txikia” oroigarri bana eta Lazkao Txikiren bizipenak kontatzen dituen “irriz eta malkoz” liburua ere jaso dute maila bakoitzean irabazle izan direnek. Aurtengoa 30. edizioa izan denez, azken 5 urteotako bertso sarituekin egindako liburuaren aurkezpena egin dute gaurko ekitaldian.
Sariak jaso ahala euren bertsoak kantatu dituzte irabazleek. Gaztetxoenen kasuan, gaia denentzat berbera izan da: “nik ere asko maite zaituztet”. Gazte eta helduenek, berriz, gaia librea zuten. Jarraian, saritu guztien zerrenda:
GAZTETXOAK (13 urte artekoak): 7 lan guztira
- Zaldibiako SUHAR MANTZIZIDOR JAUREGI
- Sarako UNAX AIZPURUA IBARGARAI
- Segurako MAREN ITURRIOZ ETXEBERRIA
GAZTEAK (14-18 urte bitartekoak): 6 lan guztira
- Azkoitiko NAIA ARRIZABALAGA ARRIETA “ez zatoz” lanagatik
- Beasaingo JUNE AIESTARAN IPARRAGIRRE “lotsa” lanagatik
- Villabonako ARATZ ARZELUS ARANBURU “bizitzaren azterketa” lanagatik
HELDUAK (18 urtetik gorakoak): 19 lan guztira
- Beasaingo EKAITZ GOIKOETXEA ASURABARRENA “jokoa ez da errenta” lanagatik
- Zarauzko ANER PERITZ MANTEROLA “hi ondo, eta ni?” lanagatik
- Oñatiko URKO EGAÑA CALDERON “barrutik kanpora” lanagatik