Alaitasuna errondailla, kalean aspaldiko partez
Agorreko Santikutz jaien ordezko kultur egitarauaren barruan, kalejiran ibili ziren musikariak larunbat eguerdian. Asteburuan, bertsoak, haurrentzako ikuskizuna, txistularien kalejira eta musika bandaren emanaldia ere izan dira. Korosti dantza taldeak erromeria ibiltaria ere egin du.
COVID-19aren pandemiak ezarri zien nahitaezko geldialdiaren ondoren, Legazpiko Alaitasuna Errondaillako musikariek publikoaren aurrean berriz jotzeko aukera izan dute. Larunbatean egin zuten lehen agerraldia, Agorreko Santikutz jaien ordez udalak prestatutako kultur egitarauari esker. Kalejira egin zuten eguerdian herriko erdigunean, publikoaren txalo beroen artean. Emanaldi ibiltariaren ondoren, elkarrekin bazkaldu zuten musikariek, eta bazkalondoan, musika festarekin jarraitu zuten jatetxeko terrazan, ia iluntzera arte.
Agorreko Santikutzen asteburu honetan izan dira ekitaldi gehiago Legazpin. Ostiralean bertso saioa egin zuten plazan, eta larunbat arratsaldean, dantza ere izan zen, Korosti taldeak antolatutako erromeria ibiltariaren eskutik. “Kaleak pixka bat animatzea” zen dantzarien helburua, eta helduen taldeak jardun zuen horretan, Unai eta Koldo Etxebarria trikitilari bizkaitarren laguntzarekin. Plazatik abiatuta, erdigunea zeharkatu zuten, bidean hainbat geldialdi eginez eta publikoari dantza egiteko gonbidapena luzatuz.
Igandean, Goiz Deia txistulari bandak kalejira egin zuen herriko parkeetan goizez, eta eguerdian haurrentzako musika ikuskizuna egin zen. Arratsaldean Legazpi Musika Bandak egin zuen emanaldia, erdiko kaleetan zehar.