Erreka Egunean parte hartzeko deia egin dute udalak eta ikastetxeek
Hilaren 25erako egin dute deialdia, Urola ibaia eta inguruko errekak garbitzeko. Izena aste honetan eman behar da.
Legazpiarrek Urola ibaiaren eta inguruko erreken garbiketari ekingo diote berriz ere, COVID-19agatik 2020an ekintza hori sustatzen duen Erreka Eguna bertan behera geratu eta gero. Legazpiko Udalak eta ikastetxeek antolatutako jarduera hori hilaren 25ean egingo da, larunbata, 09:30ean hasita.
Erreka Eguna «elkarbizitzarako eta ingurumena zaintzeko eguna» da, udalaren esanetan, eta «ibaira iritsi behar ez zuten elementu arrotz guztiak» biltzea du helburu, hau da, plastikoak, metalak, trasteak… Lan hori, urtero bezala boluntarioekin egingo da, eta orain da izena emateko garaia, hilaren 17ra arte, hain zuzen ere.
Izen-ematea, 17ra arte
Izena emateko modu bat baino gehiago dago. Udaletxera deitu daiteke telefonoz (010 herritik, eta 943 73 70 30 kanpotik), edo www.legazpi.eus webguneko formularioa bete. Domingo Agirren, Haztegin eta Olazabalen ere eman daiteke izena.
Erreka garbiketa taldeka eta ibaia zatitan banatuta egingo da. Izena ematen dutenek zein talde eta zati egokitu zaien ikusteko, www.legazpi.eus webgunean jarriko dute zerrenda, 23an.