Goierriko Kilometroak, Goierrirentzat
Beasainen, Lazkaon eta Ordizian hiru asteko egitaraua prestatu dute Kilometroak 2021en trantsizio-edizioa gainditzeko. Goierritarrei zuzendu diete eskaintza. Edukiera murriztua izango dute, eta izena eman behar da
Izurriteagatik ezohiko egoeran, eta duela bi urte iragarritako eredu berrira ahalik gehien gerturatuta ospatuko dira Kilometroak aurten, Goierri beheko hiru ikastolek antolatuta. Trantsizioko urtea izango da, baina, xumetik bada ere, euskararen eta euskal kulturaren irakas-leku eta zutabetzat aldarrikatuko dituzte ikastolak, pandemiaren beste albo-kalte zuzen bat arlo horren mehetzea izan dela kezkatuta.
Martxoan iragarri zuen Kilometroak Kultur Elkarteak aurten Goierrin izango dela Gipuzkoako ikastolen jaia. Eta ostiralean eman zituzten xehetasunak elkartearen lehendakari Nekane Artolak, eta Ordiziako Jakintza, Beasaingo Andramendi eta Lazkaoko San Benito ikastoletako ordezkariek. «Egoerak baldintzatuta» izango direla aitortu dute, eta herri eragileekiko ohiko hartu-emana asko murriztuta. Kilometroen eragin-eremua ere Goierrira zuzendu nahi dute gehien bat, jendea batzeko ezintasunengatik.
Izena eman behar
Hiru asteko egitaraua prestatu dute, urriaren 3ko Kilometroak egunarekin bukatuko dena. Ordiziako Jakintza ikastolaren San Inazio eraikinean egingo dute orduan ekitaldi nagusia. Aurrez, eta 1977ko estreinako Kilometroen espiritua berritzeko, Lazkao, Beasain eta Ordizia lotuko dituzte, lekukoa txandatuta.
Ekitaldi guztiak areto edo eremu itxietan egingo dituzte, eta jende-kopuru mugatuarekin. Horrez gain, ekitaldi guztietarako izena eman behar dela ohartarazi dute behin eta berriz antolatzaileek, kilometroak.eus webgunean.
Abestia ere aurkeztu dute
Goierriko artista multzo batek ondu du Kilometroak 2021en abestia. Igor Barrerosek eta Arkaitz Karraskok ekoitzi dute, Ainhoa Mujikarenak eta Lander Arizmendirenak dira letrak. Alaitz Telletxea, Eider Ormazabal, Itziar Flores, Barreros ahotsean, Xa2 Makulu eta Aitor Furundarena gitarra-soinuekin, eta haize laukote bat dira egile.
«Bertso-rap bat» da Goierri is in the house abestia, «Kubaren eta Euskal Herriaren arteko lotura txiki bat».