Ilustrazioa, afizio emankor hori
Ilustrazioen mundua duela hamar urte ezagutu zuenetik gaur arte egindako lanak ikusgai jarri ditu Libe Anduezak Kultur Etxean. 'Kolorearen alderdi magikoak' erakusketa hilaren 24ra arte dago zabalik,
Hutsetik hasi zen marrazten eta margotzen Libe Andueza (Legazpi, 1972) duela hamar urte, eta ordutik hona egindako ilustrazioak Kolorearen alderdi magikoak izenburupean bildu, eta ikusgai jarri ditu Kultur Etxean. Erakusketa hilaren 24ra arte egongo da irekita, baina gero ere izango da lan horiek ikusteko aukera www.libeandueza.com webgunean. Erosi ere, bertatik erosi daitezke.
Libe Andueza ingeniaria da lanbidez, eta ilustrazioa afizioa du. «Zerbait sortu nahi nuen, zerbait nirea, eta marrazkidun liburu bat iruditu zitzaidan egokia», azaldu du zaletasun horren hasieraz galdetuta. Alabak txikiak ziren orduan, eta haientzako ipuina egin zuen: Maitagarri txikiak: Sorgintxo lagun berria. «Imaginazioa erabilita, ilustrazio oso sinpleak egin nituen, eta ipuin bat sortu nuen, euskaraz eta ingelesez».
Liburu gehiago etorri ziren ondoren, pertsonaia berriak sortu zituen… baina bide hura alboratu egin zuen. «Lehen liburua ondo saldu nuen, herrian batez ere, baina gero ez nuen asmatu komertzializazio lanekin, eta ipuinekin ez jarraitzea erabaki nuen», azaldu du.
Ilustrazioak egiteari ez zion utzi ordea, eta produku berriak sortzen aritu zen ondoren: katiluak, postalak, gailetak… Bitartean, digitalizaziora salto egin eta marrazketa teknika berriak ikasten eta lantzen jardun zuen, hainbat eta hainbat ikastarotan parte hartuz.
Ehundik gora lan
Erakusketan daude ikusgai lehen liburu hura eta ondoren etorri zirenak, baita eskuz egin zituen lehen ilustrazio haiek ere, «umeek erabiltzen dituzten Alpino markako margoekin margotutakoak». Haurrentzako produktu gehiago ere sortu zituen, horien artean lan egiten duen lantegiaren 40. urteurrena baliatuz, hango lana azaltzen duen ipuin berri bat. Horiekin batera, ehundik gora lan jarri ditu ikusgai.
Erakusketa kronologikoki dago antolatuta, eta erraz ikus daiteke Anduezaren eboluzioa. Eskuz egindako lehen marrazki haiek sinpleagoak eta koloretsuagoak ziren, umeei zuzendutakoak, «oraingoak pastel kolorekoak dira, eleganteagoak». Horrez, gain, landuagoak ere badira, eta hartzaileen adina igo egin du, «orain gaztetxoei zuzendutako lanak egiten ditut».
Azken etapa honetan, eta sortu berria duen Libe2xa zigiluarekin, MaryPoppins, Alizia herrialde harrigarrian, Mujercitas edo Ozeko Aztia ipuinetako pertsonaia ezagunak marrazten eta margotzen ditu, «magia kutsu bat dute, gustatu egiten zaizkit». Atzean, Paris eta New York bezalako leku ezagunak marrazten ditu, beltzez.
Lanak salgai
Bilduma handia du osatuta dagoeneko Anduezak, eta orain, egindako lanei irteera eman nahi die. Salgai ditu gehienak eta www.libeandueza.com webgunean eros daitezke. Legazpiarraren ibilbide emakorraren berri zehatzagoa jaso daiteke bertan.