Plazaola kaleko zirkuitu osasungarria, eskaintza bat gehiago kirola egiteko
Kirol parkearen erabilera bultzatzeko, formazio saioak egingo dituzte Buztintegirekin. Igerileku txikia itxita egongo da hilaren 17ra arte Bikuñan. Gazte Fit eta Multifitness, bi ikastaro berri
Urte eta erditik gora igaro da Plazaola kaleko belardietako batean udalak zirkuitu osasungarri bat egokitu zuenetik. Bederatzi kirol makinaz osatuta dago, eta adin guztietako jendeari dago zuzenduta, bereziki adinduei. Baina gutxi erabiltzen da, eta udalaren izenean Iñigo Imaz kirol zinegotziak dei egin die legazpiarrei, parke hori jarduera fisikoa egiteko gehiago erabili dezaten.
Bikuña kiroldegian udako kanpaina amaitzeko bezperan egin du Imazek deialdi hori, ikasturte berriko ikastaro eskaintzan dauden berritasunak aurkeztearekin batera.
Ladilloa lerro bat gehienez
Kirol zinegotziak azaldu duenez, Plazaolako zirkuitu osasungarriaren erabilera bultzatzeko, elkarlana abiatu du udalak Buztintegi elkartearekin. Horren ondorioz, begirale batek gidatuko dituen formazio saioak egingo dituzte urrian zehar, aparatuen erabilera zuzena eta bakoitzaren onurak azaltzeko.
Imazen ustez, «ekipamendu bikaina» da Plazaolakoa, eta normalean kirola egiten ez duen jendearentzako oso aproposa da. «Kirola osasuna da, eta kirola egitera animatu nahi dut jendea».
Udako kanpaina amaituta
Bikuña kiroldegian, bitartean, amaiera eman diote udako kanpainari, eta ohiko ordutegia berreskuratu dute gaurtik: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 22:00etara, larunbatetan 09:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 21:00era, eta igande eta jai egunetan 09:00etatik 14:00etara.
Udari agur esatearekin batera, solariuma itxi egin dute, baita igerileku txikia ere, urteroko garbiketa eta desinfekzio lanak egiteko. Igerilekua hilaren 27an irekiko dute, 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:30era.
Kiroldegiko udako denboraldia ekainaren 15ean hasi zen, eta hiru hilabetez luzatu da. Tarte horretan 17.111 sarrera izan dira bertan, iaz baino gehiago (8.200 bakarrik), baina pandemia aurreko datuetara iritsi gabe (28.342 sarrera 2019an).
Ikastaro berriak martxan
Ikastaroak ere gaur jarri dituzte martxan Bikuñan, eta Imazek jakinarazi duenez, eskainitako guztiek egingo dute aurrera, zunbak izan ezik.
Bi ikastaro berri ere izango dira. Batetik, Gazte Fit; 12-16 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa, bereziki kirol klubetan ez daudenei, «jarduera fisikoa egiteko aukera izan dezaten». Bestetik, Multifitness ikastaroa ere emango da, zunba, zirkuituak edo tonifikazio saioak barneratuz.