Beasaingo Udalak ahalduntze eskolak berreskuratu ditu
Hiru ikastaro antolatu dituzte: Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa, autodefentsa ikastaroa eta 'Artearen historian isilpean egon diren emakumeak' ikastaroa

Beasaingo Udalak ahalduntze eskolak eskainiko ditu herriko emakumeentzat. Zehazki, hiru ikastaro izango dira: Zoru pelbikoa indartzekoa, autodefentsa eta Artearen historian isilpean egon diren emakumeak. Amets Arrospide berdintasun zinegotziak azpimarratu du gaitasun ezberdinak landu nahi dituztela, autoestimua handitzeko eta emakumeak beraien buruaren jabe egin daitezen.
Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa urriaren 1ean hasiko da. Ostiraletan elkartuko dira, 09:30etatik 11:00ak arte, Antzizar kiroldegian. Hamar saio izango dira, denera. Jaione Fraile berdintasun teknikariak argitu du ikastaroa emakume guztientzat baliagarria dela, baina bereziki menopausia hasi edo igarotzen ari direnentzat, umetokia arazoak dituztenentzat, gernu edo pixa galerak dituztenentzat eta erditu berri dauden emakume gazteentzat diseinatuta dagoela. Landuko diren gaiak zoru pelbikoaren kontzientziazioa, perinerako ekitaldi zehatzak, gimnasia abdominal hipopresiboa eta postura ariketak izango dira.
Autodefentsa feminista ikastaroa urriaren 16an izango da. Egun bakarreko ikastaroa izango da, goiz eta arratsalde. Indarkeria nola sortzen den jorratuko dute, erasoak identifikatzen ikasiko eta zer ondorio duten. Indarkeriaren inguruko mitoak eta errealitateak ere analizatuko dira.
Azaroan Artearen historian isilpean egon diren emakumeak lanketa egingo dute. Asteazkenetan elkartuko dira, 18:00etatik 20:00etara, udaletxeko sarrera ondoko gelan. Zergatik ez gaude artean? zergatik emakumeak koadroetan margotuta agertzen gara baina ez margolari bezala? Zer egin dezakegu?, galderei erantzuten saiatuko dira. “Artearen eredu heteropatriarkalak desmuntatzen saiatuko gara”, laburbildu du Jaione Fraile berdintasun teknikariak. Kale-ekintza batekin borobilduko dute zikloa.
Ikastaro guztiak doakoak izango dira. Izena emateko Berdintasun Sailarekin harremanetan jarri behar da –943 087 663, 688 768 608 edo berdintasuna@beasain.eus– edo galdetegi hau bete. Plaza mugatuak izango dira. Kopurua gainditzen bada zozketa egingo da izena eman dutenen artean.
Ziklo gehiago egiteko asmoa iragarri dute. Urtarrilean beste ikastaro sorta bat egiteko asmoa aipatu dute. Lehen ere antolatu zituzten halako ekintzak, baina pandemiaren erruz gelditu egin ziren.
Esker oneko hitzak
Arrospidek esker oneko hitzak izan ditu berdintasunaren alde lan egiten duten elkarteentzat. “Eskerrak eman nahi dizkiegu emakumeen ahalduntze prozesuan lan egiten duten eragileei: Asmube, Oriako Lamiak, asanblada feminista, ikastetxeak, guraso elkarteak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egiten duten beste elkarteak”.