Junetorri autobusa dohainik izango da Mugikortasunaren Astean
Bizikletak apaintzeko tailerrak ere antolatu dituzte; gaur arratsaldean eta bihar goizean egingo dira. Bizikleta martxa, aldiz, bertan behera utzi dute.
Azken urteetan bezala, aurten ere Legazpiko Junetorri autobus zerbitzua dohainik izango da Mugikortasunaren Asteak irauten duen bitartean, hau da, atzo hasita hurrengo asteko ostiralera arte, hilak 24. Udalak adierazi duenez, aukera paregabea da herri barruko joan-etorrietan normalean autoa erabiltzen dutenek zerbitzua probatzeko, “erosoa, merkea eta jasangarria da”.
Uggasak eta mankomunitateko lau herriek bultzatu duten Europako Mugikortasun Astearen ospakizunean, bestalde, bizikletak apaintzeko tailerrak ere antolatu dituzte Legazpin. Atzo egin zuten lehena, eta gaur eta bihar ere izango dira: gaur, Laubiden, 17:00etatik 19:30era, eta bihar, Euskal Herria plazan, 11:00etatik 14: 00etara. Eguraldi txarra eginez gero, bi saioak Azokan egingo dira.
Legazpiko Mugikortasun Astearen barruan egin ohi den bizikleta martxa, azkenik, bertan behera utzi dute aurten ere.