Metal doinuek bizirik diraute
Anker talde berriak gogor astindu du Legazpiko musika panorama. Metal doinuak oinarri hartuta, hiru kontzertu eman ditu, hiru bideoklip grabatu ditu eta diskoa aterako du urrian.
M usikarekiko eta musika jaialdiekiko zaletasunak elkartu zituen Anker taldearen hazia erein zuten gazteak 2019ko udan Brinkolan. Auzoko garaje batean hasi ziren musika jotzen, baina Subeltzan dute orain entsegu lokala. Bertan sortu dute bandaren lehen lana izango dena: Gizagaitza. Hamar abestiz osatuta, metal doinu gordinak ditu oinarri, eta urrian kaleratuko dute. Aurrekari gisa, singela plazaratu du taldeak, Ekaitza abestiarena.
Anker Goierriko lau musikarik osatzen dute. Eneko Altzelai gitarra jotzailea eta Jon Unzurrunzaga bateria jotzailea Brinkolakoak dira, Joanes Legarda-Ereño gitarra eta ahotsa Le- gazpikoa, eta Urko Ventureira baxu jotzailea, ormaiztegiarra. Taldeak izan zuen bosgarren kidea ere, gitarra jo eta abestu egiten zuen Jon Ander Arnaiz legazpiarra, Jota. Gaur lau dira.
Brinkolatik Subeltzara
Ankerrek ibilbide laburra du, baina oso emankorra: hiru kontzertu, hiru bideoklip, diskoa… Brinkolako garajean hasi zuten guztia duela bi urte Enekok eta Joanesek. Gutxira Jota elkartu zitzaien, eta hilabete batzuetara, Enekorekin Aker proiektuan ibilitako Urko. Jon izan zen iritsi zen azkena. Ordurako musikariak Subeltzako lokal batean ari ziren entsegatzen, Death Rituals izenarekin.
Metal musika oinarri hartuta, lanak sortzen hasi ziren, eta pandemiak bete-betean harrapatu bazituen ere, aurrera egin eta urrian kaleratuko duten Gizagaitza lanerako abestiak osatzen joan ziren. Iazko urte amaieran, Jotak taldea utzi eta gaur egungo formazioa finkatu zen. Aldi berean, Anker izena hartu zuten.
Bideoklipak eta diskoa
Aurtengo urte hasierarako abesti batzuk zituzten konposatuta, disko baterako nahiko material. Eta grabaketari ekin zioten, Urretxuko Aimar Ibarzabalekin Ilun Produkzioak etxean. Hiru hilabeteko prozesua izan da, grabazioa, nahasketak eta ekoizpena elkartuta.
Gizagaitza da lanaren izenburua. Bederatzi abestiz eta sarrerakoaz dago osatuta. «Thrash, metal klasikoa, metalcore, death melodikoa eta power metal estiloak nabarmentzen dira gure lanetan», Jonek azaldu duenez. Abestien hitzei dagokienez, «gizatasun falta krikitatu nahi izan dugu», azaldu du Enekok, «gizarte gisa ditugun gabeziak jarri nahi ditugu agerian, gizakiok ditugun akatsak», hala nola, gaixotasun mentalak, aldaketa klimatikoa, tratu txarrak, erlijioak duen papera…
Diskoa urriaren 10ean kaleratuko dute, eta hiru bideoklip ere egin dituzte. Lehena, Jon Tirapuren laguntzarekin grabatutako Ekaitza, Youtuben dago ikusgai hilaren 9tik. «Askok ikusi dute dagoeneko, eta oso kritika ona izan du. Jendea metal doinu berriak entzuteko gogoarekin zegoen». Beste biak laster aurkeztuko dituzte.
Kontzertu eske
Bitartean, kontzertuak egiteko zain daude. Publikoaren aurreko debut «paregabea» egin zuten, maiatzean Legazpin Ebereth taldearekin batera kontzertuan joz. Brinkolan jo zuten gero abuztuaren 27an, eta Debako gaztetxean 28an. «Ea noiz den hurrengoa!».