Aittuk beasaindarrei denbora eskatu die, «elkarrekin» euskararen alde egiteko
Aittu! Euskara Elkarteak ‘Aittukide’ kanpaina abiatu du. Aittukideek denbora eskaintzeko konpromisoa hartuko dute. Euskararen alde hilabetean ordubete lan egingo dute
Aittu! Euskara Elkarteak aittukide kanpaina abiatu du. Euskararen alde ahalik eta beasaindar gehien lanean jartzea da helburua. Euskaraz hitz egiteaz gain «pauso bat aurrerago emateko» eskatu du Odeia Aiestaran Aittuko zuzendaritza batzordeko kideak, Igartzan egindako aurkezpenean: «eman ezazu zure denboraren zatitxo bat euskara elkarrekin bultzatzeko Aittu! Euskara Elkartetik». Hilabetean ordubete eskatu du, urtean hamabi ordu. «Ez da denbora asko».
Aiestaranek Landarearen metafora erabili du: euskara landare bat da, «bere sustraiak gero eta indartsuago izateko lur berria behar duen landarea»; Aittu, berriz, lur berrietara zabaltzeko lanean diarduen elkartea. «Zu ere ahalegin horretan bidelagun izango zaitugulakoan, zabal-zabalik duzu gure etxeko atea: zator eta aritu gaitezen elkarrekin euskararen lurra jorratzen».
Aittukide izateko elkartearekin harremanetan jarri behar da, sare sozialen bidez. Doakoa da, baina denbora eskaintzeko ardura hartu behar dela azpimarratu du. Beasaindar guztiak animatu ditu izena ematera. «Euskaraz eta euskaratik nahi dugulako Beasain, euskaraz nahi dugulako elkarrekin bizi».
Ikus entzunezko bat ere zabaldu dute, ahalik eta beasaindar gehiengoarenera iristeko. Mikel Alvarez bideoaren egileetako batek adierazi du bideoa egiterakoan «erretratu anitz bat» izan dutela buruan.
Ikus entzunezkoan hainbat herritarrek hartu dute parte: Ane Garciak, Leire Ezkerrak, Izaro Ruizk, Felix Huzik, Miren Arrondok, Aitor Alvarezek, Maialen Aranburuk, Unai Muruak, Eñaut Tolosak, Maider Insausti Murgiondok eta Laida Zabaletak. «Esperientzia polita» izan zela azpimarratu dute, «dibertigarria», euskararen alde euren alea jartzeko balio izan diena. Antolatzaileek eskerrak eman zizkien guztiei.