Bueltan da Goazen Ordizia ekimena
Osasun fisikoa eta emozionala hobetzeko helburua du ekimenak. Bihar, osteguna, Ordiziako udaletxe ingurutik abiatuko dira, taldean, herriko kaleetan zehar ibilbidea egiteko. Izen ematea zabalik dago.
Bueltan da berriro Goazen Ordizia ekimena. Bihar, 10:30ean abiatuko dira, Ordiziako udaletxe ingurutik, eta taldean ibilbidea egingo dute, herriko kaleetan zehar.
Ekimen honen denboraldi berriaren aurkezpenean, Ainhoa Jimenez Ordiziako Udaleko ongizate zinegotziak hala nabarmendu du: «Sozializatzea adin guztietan da garrantzitsua, eta adineko pertsonen artean ere bai. Orain arteko esperientziek erakutsi digute onura ugari ekartzen dizkiela, eta hala dela baieztatzeko aukera izan dugu». Hori horrela izanda, «dei egiten diegu herritarrei Goazen Ordizian parte hartzeko, ondo pasako dutelako, gorputza eta adimena martxan jarriz».
Jimenezekin batera, Goazen Ordiziako ohiko partaide bat izan da aurkezpenean, eta udal zinegotziak esan duena berretsi du: «Ariketa fisikoa egiteaz gain, taldean joaten garenez, beste herritar batzuekin harremanak egiten dira, beraz alde fisikoa bai, baina sikologikoa ere lantzen da».
Ekimenarekin lortu nahi dute, parte-hartzaileen sozializazioa eta osasuna hobetzea. adineko pertsonen -bereziki, baino ez esklusiboki, 64 urtetik gorakoak- ongizate fisiko eta mentala hobetzea. Horrez gain, beste zenbait eremu landu nahi izan dira; hainbat sektoreen parte hartzea eta gizarteratzea bultzatzea, kohesio soziala areagotuz. Gainera, belaunaldien arteko harremanak ere landu nahi dira, horregatik, herriko ikastetxeetako ikasleek ere parte hartuko dute.
Eragile gehiagok ere parte hartuko dute, Ordiziako Udalak bultzatzen duen ekimen honetan. Hala nola, Lagunkiro elkarteko boluntarioak. Lagunkiroko kideek, mugikortasun arazoak dituzten partaideei laguntzen egongo dira, besteak beste.
Ordiziako Osasun zentroak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak, Zuhaizti gizarte zentroak, Kimetz emakumeen elkarteak, Garaguneak, Ordizia Kolorek, eta Eguneko zentroak ere babestuko dute ekimena, haien parte hartzearekin.
Eman izena
Ostegunero, goizeko 10:30etan abiatuko dira partaideak Udaletxe azpitik, herrian barrena ibilbidea egiteko asmoz. Doakoa da ibilbidea eta interesa dutenek Gizarte Ongizatean, 943 805 610 telefono zenbakira deituz edo gizartehezailea@ordizia.eus epostara idatzita eman dezakete izena.