Etengabeko Arreta Gunearen aldeko manifestazioa egingo dute
Larunbatean izango da eta 13:00etan abiatuko da Areizaga-Kalebarren plazatik. 24/7 EAG Irekita plataformako kideek parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei
24/7 EAG Irekita Zumarragako anbulatorioko etengabeko arreta gunearen (EAG) aldeko plataformak manifestazioa deitu du larunbaterako. 13:00etan abiatuko da, Areizaga-Kalebarren plazatik. Ohi bezala, EAG egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzea eskatuko dute.
Plataformako kideek prentsaurrekoa egin zuten atzo Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, manifestazioa iragartzeko eta herritarrak parte hartzera animatzeko. «Osakidetzari hainbat idatzi bidali dizkiogu eta ez digu erantzun. 7.000 sinadura eraman genituen Gasteizera eta ez dugu erantzunik jaso. Hori dela eta, mobilizazioekin jarraituko dugu».
Egoera jasangaitza dela esan zuten. «2020ko martxoan EAG itxi zuten. 2020ko urriaren 3an ireki zuten, baina ez lehengo baldintzetan. Itxita dagoenean Beasaingo anbulatoriora joan beharra dugu, orduz kanpo eta garraio publikorik gabe. Beasaingo anbulatoriora joan ordez, ospitaleko larrialdietara joan gaitezke, baina horrela larrialdietako zerbitzua gainkargatu egingo dugu eta arazo arinak dituztenek denbora asko itxaron beharko dute. Horrekin lotuta, osasun arazoak dituztenei, anbulatorioa zabalik dagoenean, anbulatoriora joateko eskatu nahi diegu. Arduradunek jendea beldurragatik ez dela anbulatoriora joaten diote. Hala bada, jendeak beldur hori galtzeko lan egin beharko dute», azaldu zuten.
Hori guztia ikusita, kontzentrazioak eta manifestazioak antolatzen jarraituko dute. «Kontzentrazioak hileko lehen eta hirugarren asteazkenean egiten ditugu, 18:00etan, Zumarragako anbulatorioaren aurrean. Manifestazioak, berriz, hileko lehen larunbatean egiten ditugu. Aste honetakoa 13:00etan izango da, merkatariek hala eskatuta», aipatu zuten.
Herritarrei manifestazioan parte hartzeko eskatu zieten. «Administrazioa presionatzen jarraitu beharra dugu, bestela gure nekea ezer ez egiteko baliatuko du».
Manifestazioak eta kontzentrazioak antolatzeaz gain, udal arduradunekin hitz egin behar dute. «Udal arduradunekin hitz egin behar dugu, zertan ari diren jakiteko. Izan ere, bere garaian mozioak aurkeztu genituen udaletxeetan eta alderdi guztiek onartu zituzten. Udalen beharra dugu. Ez badigute laguntzen, oso zaila izango da helburua lortzea».
Bukatzeko, herritarrak plataforman parte hartzera gonbidatu zituzten. «Urtebete daramagu lanean eta erreleboa behar dugu. Herritar guztiak ongi etorriak dira. Denek parte hartu dezakete eta denek dute beraien proposamenak aurkezteko aukera. Jendearen parte hartzea beharrezkoa da».