Joseba Telleria, alkate
Aurreko osteguneko udal osoko bilkuran hartu du kargua alkate berriak. Agintaldiaren aurretik hartutako erabakia da. Zinegotzi izaten jarraituko du Tomas Etxaniz alkate ohiak

Ezkio-Itsasoko Udalak alkate berria du. Aurrerantzean Joseba Telleria izango da Ezkio-Itsasoko alkatea. Erabakia agintaldiaren aurretik hartuta bazegoen ere, osteguneko udal osoko bilkuran hartu zuen karguko aginte makila alkate berriak, Tomas Etxaniz alkate ohiaren eskutik. Alkate eta zinegotzien artean gehiengo osoa lortu behar du hautagaiak alkate izendatzeko, eta hala izan zen ostegunean.
Bilkuran bertan egin zuten alkate berria aukeratzeko bozketa prozesua eta zazpi botoak jaso zituen Joseba Telleriak. Ezkio-Itsasoko alkateordea izan da Telleria azken urtean, eta alkate izango da aurrerantzean. Etxanizek, halere, udal taldean lanean jarraituko du, zinegotzi izaten jarraituko baitu. Agintaldi erdian kargua utziko zuela argi utzi zuen Etxanizek, eta agintaldiaren aurretik hartutako erabakia izan denez alkate karguaren aldaketa, prozesu naturala izan dela adierazi dute osoko bilkuran.
Hobetzen jarraitzeko eta jendaurrean segitzeko gogoz agertu da Telleria. Alkate kargua aldatu badute ere, talde berean eta elkarrekin lanean jardungo dute orain arte bezala. Bozkaren prozesua burututa, Ezkio-Itsasoko aginte makila eman zion Tomas Etxanizek Joseba Telleriari ostegunean, herriko alkate izendapenaren sinbolo gisa.