Txekiar Errepublikako eta Frantziako ikasleei harrera egin diete Ordizian
Europar Batasuneko Erasmus+ programaren baitan Jakintza Ikastolako ikasleak garatzen ari diren proiektua dela eta etorri dira bisitan.
Erasmus+ proiektuan parte hartzen ari da Ordiziako Jakintza ikastola, beste bi herrialdeetako -Txekiar Errepublika eta Frantzia- hiru ikastetxerekin batera. Erasmus+, Europako Batasunaren proiektua da, ikastetxeen arteko elkarlana sustatzeko, ikasteko esperientziak partekatzeko eta aniztasunarekin aberasteko. Horren baitan, gai ezberdinak jorratuko dituzte eta ikasturte bateko edo gehiagoko iraupena izango dute.
Ikasturte honetan, United Pollination izenburupean ari dira lanean. Hala, erleak eta polinizazioa izan dituzte ikasgai, eta ikasitako guztia, elkarrekin partekatzeko, astebetez hiru herrialdeetako, hiru ikastetxeetako ikasle eta irakasleak elkartu dira, Ordizian.
Gaur goizean, Ordiziako udaletxean harrera egin die Adur Ezenarro herriko alkateak. Hiru hizkuntzatan, euskaraz, ingelesez eta frantsesez, ongi etorria eman eta bisita eskertzeaz gain, Ordiziaren sorrera eta historia kontatu die. Azokak udalerriaren garapenean izan duen garrantzia ere nabarmendu du. Oroigarri bana ere eman zaie bisitariei. Bukatzeko, familia argazkia atera dute udaletxeko areto nagusian.
Euskal Herria ezagutzeko aukera
Ordiziako kaleak, historia, ohiturak, eta azoka ezagutzeaz gain, Euskal Herriko beste txoko batzuk ezagutzeko aukera ere izan dute Txekiatik eta Frantziako etorri diren ikasleek eta irakasleek. Astelehenean, Urdaibaiko biosfera, Mundaka eta Mutrikuko akuakultura zentrora egin zuten bisita. Atzo, asteartea, Plentzia surf-a egin ondoren, Bilbon bueltatxo bat eta Guggemheim museora bisita ere egin zuten. Gaur, Ordiziako azoka ezagutu ahal izan dute, eta arratsaldean, Donostiako Aquariumera joango dira. Bihar, osteguna, Aizkorri mendira igoera egingo dute, eta horrekin amaituko dute, Euskal Herrira egindako bidaia.
Aste honetan, beste herrialdeetako ikasle eta irakasleei bidaiatzea tokatu zaie, baina laster, Ordiziako Jakintza eskolakoak joango dira. Hurrengo hilabete hasieran izango da hori, eta Txekiar Errepublikara joatea tokatuko zaie. Han, Eramus+ programan parte hartzen ari diren beste ikastetxeetako ordezkaritzekin elkartuko dira, proiektua garatzen jarraitu ahal izateko.