Beasaingo eta Legazpiko alkateak Udal Etorkizuna Eraikizen lehenengo osoko bilkuran izan dira
Gipuzkoako Foru Aldundiak Udal Etorkizuna Eraikiz ekimena aurkeztu du gaur. Foru Aldundiaren eta udalen arteko hartuemana hobetu nahi du. Beasain eta Legazpi daude, tartean
Leire Artola Beasaingo alkateak eta Koldobike Olabide Legazpiko alkateak Udal Etorkizuna Eraikizen lehenengo osoko bilkuran izan dira gaur, Gipuzkoako Foru Aldundian. Aldundiaren eta udalen artean “ezagutza partekatzea eta sortzea” da ekimenaren helburua. Markel Olano Diputatu Nagusiak proiektuaren “garrantzian” jarri du azpimarra, “demokrazia indartzeko” eta herritarren eta erakundeen arteko “arrakala gainditzeko” balioko duela esan baitu.
Hamabi herrik hartu dute parte lehen bilkuran, Goierriko bik. Prozesuaren hasieran, egoeraren diagnostiko partekatu bat egingo da, Etorkizuna Eraikizekin lotutako beharrak, eskaerak eta esperientziak bilduko dituen ekintza-plan bat diseinatu ahal izateko. Ondoren, udalerri horietan esperientzia pilotuak abiaraziz gauzatuko da plan hori. Ekimena arrakastatsua bada, lurraldeko gainerako udalerrietara hedatzen joango da, gradualki.