Haurra jaio arte, faroltxoa piztuta
Haurdunak zaintzeko Belenpeko faroltxoa pizteko ohiturari eutsi diote Seguran urtez urte. Aurrerantzean Urtzi Intxausti segurarra izango da lan horretaz arduratuko dena.
Ohiturei eusten diete herritarrek Seguran. Herriko ohituretako bat haurdunaldia gerturatu ahala, kultur etxe ondoko Belenpeko faroltxoa piztea da, Belengo Ama Birjinaren zaintzapean, erditzea ondo joan dadin. Jose Luis Etxeberria izan da faroltxoa pizteaz eta zaintzeaz arduratu dena, duela sei hilabete zendu zen arte. Erreleboa izango du, baina, eta Urtzi Intxausti herritarra arduratuko da lan horretaz aurrerantzean.
Urtez urte gordetako usadioa da faroltxoa piztearena. Laureano Telleriak azaldu duenez, «200 bat urte» izango ditu. Berak hiru arduradun ezagutu ditu, Urtzi Intxausti barne: «Aldanondo familia ibili zen garai batean, gero Jose Luis Etxeberriaren familiak eta Jose Luisek berak hartu zuen, eta 40 urte inguru ibili zen lan horretan». Ohiturarekin segitzeko eta Etxeberriaren familiak proposatuta, Intxausti arduratuko da haurdunen zaindariaren azpian argia pizteaz. «Belengo Ama Birjinak zaintzen du haurdunaldia, haurdunen zaindari bezala».
Zortzi bat egunez
Umea edukiko duen familiak jakinarazi behar dio arduradunari faroltxoa pizteko. Lehenengo eskaera izan du dagoeneko Intxaustik. Maite Telleria Alberdi herritarra izan da haren lehenengo piztea. Erritual antzerako zerbait izaten da. Umea jaioko dela aurreikusten den eguna baino zortzi egun lehenago pizten da faroltxoa, eta haurra jaio arte piztuta egoten da. Itzaltzen bada, Intxaustik berriro piztuko du erditu arte, haurdunek argitasuna lagun izan dezaten.
Segurarrez gain, inguruko herrietakoek ere ezagutzen dute ohitura: Ordizia, Beasain, Mutiloa, Idiazabal, Zerain… Eta badira kanpotik propio horretara gerturatu direnak ere. «Alemaniatik eta Argentinatik ere etorri izan dira, ohitura ezagutu eta faroltxoa pizteko eskatu dutenak». Fededun izan ala ez, gazte zein helduek, segurar askok heldu diote faroltxoa pizteari. «Askok sinesten ez badute ere, badaezpada pizteko eskaera egiten dute». Inork haurdun dagoen emakumeren bat familian izango balu eta Belenpeko Ama Birjinari argia piztu nahiko balio, Urtzirekin harremanetan jar daiteke, 679 168 982 zenbakira deituta edo urtzimoto@hotmail.com helbidera idatzita.
Ura eta olioa
Gaur egun kandelak erabiltzen diren arren, garai batean faroltxoak erabiltzen zituzten Euskal Herriko etxe askotan, argiztatzeko. Belenpeko argi-piztean ere hala egin ohi dute, baita gaur egun ere. Belengo Ama Birjinaren parean farola moduko bat dago. Kako batekin jaitsi, eta edalontzi batean ura eta olioa nahasten dituzte. Olioa gainean geratzen da eta olio gainean faroltxoko sua pizten dute. Edalontzia farolan gorde eta atea ixten diote. Farolak kontrapisua dauka atzealdean, eta kakoa erabiliz berriro igotzen dute Ama Birjinaren parera. Bi egun inguru irauten du suak piztuta, eta itzaltzen denean, haurra oraindik jaio ez bada, berriz ere pizten dute, etengabe, haurra jaio arte.
Belenpearen mantenimendurako, olioa eta faroltxoak erosteko, borondatea ematen dute familiek. Seguran ohiturari eutsi diote, eta Etxeberriaren lanari jarraipena emateko, Intxaustik segiko du pizte lanetan.