Igartzako bizikleten garbigunea bikoiztu eta mantenurako tresnak jarri dituzte
Beasaingo Udalak bizikleta garraio gisa hauspotu nahi du, kirol jardueraz harago
Beasaingo Udalak Igartzako bizikleten garbigunea eraberritu du: espazioa bikoiztu dute, aldi berean bizikleta bat baino gehiago garbitzeko. Ura presioz botatzen duten bi mauka daude orain; ura futbol zelaira iragazi ez dadin hormak isolotau dira. Gainera, ura azkarrago xurgatzeko hustubideak zabaldu egin dituzte; eta totem itxurako egitura bat kokatu dute, konponketak eta mantenu lan arruntak egin ahal izateko. Allen giltzekin, bihurkinekin… hornitu dute. Udalak ongi zaintzeko eskatu du, eta arduraz erabiltzeko.
Leire Artola alkateak mugikortasun jasangarria lortzeko bidean bizikletaren garrantzia nabarmendu du. Bizikletaren erabilera “indartu, sustatu eta bultzatuko” dutela esan du. Adur Ugartemendia Lurraldea saileko batzordeburuak gaineratu du bizikleta kirol jarduera baino gehiago izatea nahi dutela. Horregatik, garbigunea sarri kirol arloko bizikletekin lotu den arren, guztientzako baliagarria dela esan du.
Ugartemendiak ez du baztertu herriko puntu gehiagotan bizikletak garbitzeko eta mantentzeko puntu gehiago jartzea, bai eta aparkalekuak.
Mugikortasun plana
Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana gaur zortzi onartuko du Beasaingo Udalak. Mugikortasun Jasangarrirako Mahaiak egindako lanketatik eratorritako plana da, eta herri barruko desplazamenduak modu jasangarriagoan ezartzea helburu duten jarduera multzo batez osatuta egongo da: “hazkunde ekonomikoa, kohesio soziala eta ingurumenaren defentsa bateragarria egingo dituzten garraiobideak ezartzea izango du xede, bizi-kalitate hobea bermatzeko”, azaldu dute.
Plana lau ardatzetan oinarrituko da, lehentasunaren arabera: oinezkoen mugikortasuna, txirrindu bidezko mugikortasuna, trafikoa arintzea eta garraio pribatua publikora bideratzea. “Lehentasunezkoa da emisiorik gabeko garraio baterantz joatea, zero isurpeneko agertoki baterako trantsizioa erraztuz”.